A. G.
EUSKAL

Finaletik at geratuta ere, eginiko lanaz «harro»

Atsedenerako astirik ia hartu gabe, Saski Baskoniak osteguneko Zalgirisenaurkako partida prestatu behar du. Bilbotarrek lesioak dituzte kezka iturri.

Solobasket.com webgunean Igor Mintegia erredaktorea «euskal saskibaloi taldeen gorakadaz» mintzo zen atzo. Final handitik at geratuta ere, «harro» eta «burua tente» zutela amaitu zuten hala bilbotarrek nola gasteiztarrek, batik bat finalerdietan garaile izateko makina bat meritu egin ostean. Hala, Kanaria Handiak eta Real Madrilek, hurrenez hurren, beren mailarik onena eman behar izan zuten euskal ordezkariak Kopako finaletik kanpo uzteko.

Txalotzekoa, jokalariek zein zaleek emandako neurria. Saski Baskoniako zaleek, Real Madrilen aurka azken minutuan galduta ere, beren jokalariak kantxara itzularazi zituzten, elkarri eskerrak emateko. «Txapeldunak, txapeldunak!», abestu zieten harmailetatik, eta hunkituta azaldu ziren zenbait jokalari.

Dominion Bilbao Basketeko kapitain Alex Mumbruk ere «etsipenari» utikan esaten zion Kanaria Handiaren aurkako partida osteko prentsaurrekoan. «Beste makina batek guk baino haserreago beharko du bere buruarekin. Guk egindako lanagatik harro egon besterik ez dezakegu egin».

Sito Alonsok, bere aldetik: «Bizitzako aukeretako bat galdu badugu ere, egindako lana pozarren egotekoa da. Egia da 19 puntuko aldea izan eta gero galdu dugula, baina horrek zertan hobetu badugula erakusten digu. Kopako finalerdiak ez dira egunero jokatzen; ezta bertan halako mailarik ematen ere. Hurrengo batean itzuli eta lan hobea egin dezagun irakaspena izango da».

Biharamuna

Parrandaren ostean, biharamuna. Kasu zenbaitetan, buruko minez. Esaterako, Bilbao Basketen. Raul Lopezek ez zuen hirugarren laurdenetik aurrera jokatzerik izan, zoritxarreko jokaldi batean min hartu zuen eta.

Klubak ez du oraindik adierazi datorren igandean Andorraren aurka jokatzerik izango duen ala ez, baina argi ibili beharko dute beltzezko gizonek. Viceko antolatzaileak jokatu ezingo balu, Clevin Hannah litzateke Bilbao Basketek jokatzeko moduan lukeen antolatzaile bakarra. Tobias Borgek ezin izan du Kopa jokatu eta Hannahri finalerdietako azken laurdena luzetxo egin zitzaion. Dairis Bertans edo Ruoff antolatzaile lanetan ikustea posible litzateke, baina auskalo zein emaitza emango luketen.

Laboral Kutxa Baskoniari dagokionez, berriz, biharamun gozoagoa datorkio. Ostegunean Euroligako top 16ko bigarren itzuliari ekingo dio talde gasteiztarrak. Zurbaon Zalgiris Kaunas talde lituaniarra izango du aurkari, F multzoko talderik eskasena, lehendabiziko itzuliari so eginez gero bederen. Aldiz, arabarrak Moskuko CSKArekin batera F multzoko lidergoan dira, zazpi partidatik bost irabazita.

Nahiz eta etxera garaikurrik gabe itzuli behar izan, hala Bilbon nola Gasteizen, zaleek ongietorri beroa egingo diete mutilei, Kopan maila aparta eman baitute. Sasoiko bigarren itzuliari ekin eta errematea jartzea falta zaie orain.