GARA
LEIOA

Leioako campuseko gune huts bat hartu dute ikasleek

Erabilerarik ez zuen gune bat hartu dute Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzietako ikasleek. «Klase zapaltzaileen hezkuntza sistemaren eta balioen aurka egiteko esparrua» eraikitzeko asmoa azaldu dute.

Arrazoi ekonomikoengatik denbora luzez hutsik egon den espazio bat hartu du Gizarte eta Komunikazio Zientzietako ikasle asanbladak EHUren Leioako campusean, gune hori ikasleei eskaintzeko asmoz.

«Gela honen okupazioaren eta askapenaren bitartez GKZ fakultatea eraikitzen ari gara; esparru honetako botere harremanak borrokatzen ari gara, horiek ikasleriarentzat mesedegarriak bilakatzeko. Hemendik aurrera adreilu hauen artean hezkuntza kritikoarentzako lekua izango da; ikasketa kolektiboa burutu ahal izango da; eta eraldaketaren bidean ipiniko dugu ikasleok espazio askatuaren potentzialitate osoa», esan zuten.

Lehen lauhilekoan ikasle mugimenduak egindako galdeketa batean ikasleek espazio gehiagoren beharra nabarmendu zuten. Hala, horri erantzuteko asmoz hartu dute gune hori. «Espazioaren birmoldaketan ipini beharko dugu indarren zati handia lehen une hauetan, baita unibertsitate esparruko autoritateen erasoak erantzuten. Baina edozein borroka herrikoik duen norabidea hasieratik presente izan behar dugu. Unibertsitate publikoaren testuinguruan, klase zapaltzaileen hezkuntza sistemaren eta baloreen aurka jo behar dugu: lehiakortasunaren aurka eta lankidetzaren alde, patriarkatuaren aurka eta parekidetasunaren alde», argudiatu zuten.