A.M.
AnGelu

Lorentxa Guimon aska dezatela eskatzeko kanpaldia abiatu dute Angelun

Larriki gaixo dagoen presoa aske utz dezatela exijituz hainbat mobilizazio egiten ari dira azken egunotan. Atzo arratsean, Bagoaz kolektiboak deituta, ehun bat herritar elkartu ziren Angelun aldarrikapenari atxikitzeko. Bertan abiatu zuten ostegunera arte egingo duten kanpaldi iraunkorra.

Izan ere, egun horretan ezagutuko da fiskalak ezarritako helegiteari zein erantzun emanen dion Zigorrak Betearazteko Auzitegiak eta, horrenbestez, Renneseko espetxean dagoen euskal presoa aske utziko duten ala ez.

Kanpaldia gauzatu bitartean zenbait ekimen egingo dituzte; gaur bertan «Barrura begiratzeko leihoak» filma emango dute eta bihar, 20.00etan, Denen Etxean, hitzaldia izango da Bake Bideko kideen parte hartzearekin, bake-prozesua eta preso eta iheslarien itzulera hizpide izango dituena.