GARA
GASTEIZ

Araban 35 batzar izango dira, Abian eztabaida prozesuaren bigarren fasean

Ezker abertzaleak 35 batzar egingo ditu Araban datozen asteetan, Abian hausnarketa prozesuari buruz eztabaidatzeko. Horietatik hamalau izango dira Gasteizko auzoetan, bost Lautadan, bost Aiaraldean, bost Gorbeialdean, hiru Mendialdean, bi Arabako Errioxan eta beste bat Añana-Trebiñun.

Atzo Gasteizen egindako prentsaurrekoan iragarri zuten ezker abertzaleko kideek aipatutako prozesuaren bigarren fasea hastera doala. «Eta bigarren faseari hasiera emango diogun honetan, herriz herri eta auzoz auzo ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu. Horretan ari gara eta hemendik deialdi sutsua egin nahi diogu ezker abertzaleko kide orori asteburu honetatik aurrera irekitzen den eztabaida fasean parte hartzeko», gaineratu zuten bildutakoek.

Lehengo batzarrak bihartik martxoaren 6a bitarte izango dira Arabako herri eta auzo guztietan. Bertan, azken urteetako balantzea eta une politikoaz eztabaidatzeaz gain, «‘Abian’ dokumentuak plazaratzen duen norabide estrategikoaren egokitasuna neurtzeko aukera izango dugu».

Bigarren batzarrak martxoaren 12 eta 20 bitartean burutuko dituzte, eta apirilean hirugarren batzarrak izango dira. «Batzar hauen helburua eztabaida prozesuan zehar agertutako zuzenketen bozketa izanik, batzar erabakigarriak izango dira», azaldu zuten euskal presoen iritzia eta ekarpenak kontuan hartuko dituztela adierazi baino lehen.