GARA
LEIOA

Alternatiba bizitzeko aukera Leioako herri unibertsitatean

Martxoaren 14tik 16ra eginen den Leioako herri unibertsitatean «behar duten» irakaskuntza eraiki eta alternatiba biziko dute ikasleek. Landuko dituzten gaiak herri jakintzez osatuta daude eta zerikusi zuzena dute ikasten dituzten graduekin.

Kritikotasuna, jakintzen elkartrukea eta kolektibizazioa praktikoki txertatzen joatearen beharrari erantzuten ere saiatuko dira. Eta eztabaida eta jakintza horiek guztiak unibertsitatetik ateratzen ahaleginduko dira, denen eskura jarriz. Azken egunean, martxoaren 16an, jendarte eraldaketari begirako proiektuak sortzeko asmoz eztabaidatuko dute. Herri unibertsitatearen geroaz ere mintzatuko dira.

Joan den ostegunean aurkeztu zuten herri unibertsitatea. Ikasle andana elkartu zen horretarako Leioako campuseko Ikasle Etxean. Bertan kontatu zuten unibertsitatera heldu zirenean «lur lehorra eta latza» topatu zutela: Boloniaren aplikazioa, tasen igoerak, beken beherakada, Lomce, «herriaren beharretatik urrun dauden edukiak»... Baina, erran zutenez, lur horretatik hazi bat jaio zen orain bi urte: lehenengo herri unibertsitatea.

Lorearen petalo berriak

Hazten joan den lore horri petalo berriak atera zaizkio orain. Hala, herri unibertsitatean hainbat gaitan sakonduko dute, feminismoan kasu. Janari guztia bertako ekoizleena izanen da eta gonbidatu bereziak etorriko dira, irakasle ugariz gain. Erdararako eta gor-mutuen hizkuntzarako itzultzaileek ere parte hartuko dute.