Martxelo DIAZ
IRUÑEA

«Eremu ez euskalduneko» 77 haur, sare publikoan D ereduan ikasteko prest

Eskola publikoan euskaraz ikasteko 77 aurrematrikula jaso ditu Nafarroako Gobernuak «eremu ez euskaldunean». Hala, D ereduko hiru lerro berri zabaltzeko asmoa du Tafallan, Lodosan eta Caparroso/Azkoienen. Ikastolen eskariak lehengo kopuruari eutsi dio eskualde horretan: 73 haurrek egin dute aurrematrikula.

«Eremu ez euskalduneko» 77 haurrek egin dute sare publikoan D ereduan ikasteko aurrematrikula. Hortik 40 2013an jaioak dira, eta beste 37ak beste adin batzuetakoak, atzo Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozak emandako datuen arabera. Aurten lehen aldiz egin ahal izan dute sare publikoan D ereduan matrikulatzeko hautua «eremu ez euskaldunean».

Horiekin batera, «eremu ez euskalduneko» beste 52 haur «eremu mistoko» eskoletan (Lizarra, Gares eta Iruñerrian) aurrematrikulatu dira gertutasunagatik. Ikastoletan beste 73 aurrematrikulatu dira, eta beste 23 «eremu mistoko» ikastoletan. Beraz, denera, euskaraz ikasteko hautua eginez 188 haur matrikulatu dira «eremu ez euskaldunean». Iaz, 126 izan ziren.

Eskaria kontuan hartuta, D ereduko hiru lerro zabalduko dira sare publikoan: Tafallan (bertakoak, gehi Erriberri, Barasoain, Artaxona eta Berbintzanako haurrak), Caparroso/Azkoienen (Santakara, Martzilla eta Faltzesekoak ere jasoko ditu) eta Lodosan (Andosillakoak eta Vianakoak ere bai). Zangozako bi eskaera eta Corella, Castejon eta Tuterako bana kanpoan geratuko dira.

Bestalde, Sortzen, LAB, Steilas eta ELAk Hezkuntza saila kritikatu zuten Lanbide Heziketako aurrematrikulako inprimakietan euskaraz ikasteko hautua agertzen ez zelako eta hori konpontzeko eskatu zuten.

Kritiken aurrean, Mendozak Gobernuaren sostengua mantentzen duela esan zuen atzo. Ostegunean, UPNk, PSNk eta PPk kale egin zuten Parlamentuan Mendoza gaitzesteko orduan. EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Ek ere Mendoza kritikatu zuten.

Bestalde, Iruñean euskaraz bi haur eskola gehiago izango direla ospatzeko festak egin zituzten Donibanen eta Arrosadian.