GARA
DONOSTIA

Joseba Urrosolo Sistiagak atzean utzi du espetxea behin betiko

19 urteren ondotik, Joseba Urrosolo Sistiaga ETAko militante ohia aske geratu zen atzo, Madrilgo Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hala adostuta. 59 urteko pasaitarra Zaballako espetxean zegoen. “Langraitz bidea”-rekin bat egin zuen eta azken urteetan kartzelatik zenbait irtenaldi egiteko baimena lortu du.

Europa Press agentziak jakinarazi zuenez, Urrosolo Sistiagak goizeko hamarrak aldera utzi zuen gibelean kartzela. 600 urte baino gehiagora kondenatu zuten gutxienez bederatzi hilketatan parte hartzeagatik, baita Emiliano Revilla eta Diego Prado de Colon enpresarien bahiketetan ere.

Tailerrak biktimekin

Efe agentziak erantsi zuenez, “Madril komando” historikoko kide izatetik ETAtik kanporatua izatera pasatu zen. Egindako mina onartu eta lan tailerrak partekatu zituen erakunde armatuaren biktima zuzen eta zeharkakoekin.

1997ko urtarrilean Polizia frantsesak atxilotu zuen kontrol batean eta Estatu espainolera estraditatu zuten 2001ean. ETAk Miguel Angel Blanco hil eta hilabetera Jose Luis Alvarez Santacristina “Txelis”-ek idatzitako dokumentu bat sinatu zuen kartzelan zela. Bertan erakunde armatuari eskatzen zioten armak utz zitzala. Gainera, azken urteetan hartu zituen erabakiak kritikatzen zituzten.

Gutuna GARAn

2008an Euskal Preso Politikoen Kolektibotik ere atera zen eta egunkari honetan Carmen Gisasola ETAko buruzagi ohiarekin batera –bera ere aske da orain– kaleratutako gutun batean ezker abertzalearen diskurtsoa gaitzetsi zuen, baita ETA ere «Loiolako akordioak hautsi izanagatik».

Orain bigarren graduan zegoen pasaitarra, Arabako Zaballa espetxean. Hirugarren gradua eskatua zuen behin baino gehiagotan, baina beti ukatu zioten agintari judizialek irizten ziotelako «ez ziola justiziari laguntzen argitu gabeko atentatuen inguruan egia jakiteko».