Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Otoi, jarraitu!

Leonard Peltier-en artikulua irakurtzean ohargarri da zenbateraino zaila den militante bakoitzaren egoera neurtzea. Sufrimendu bakoitza itzela da, sufrimenduaren norainokoa den ukitzea ezinezkoa da, bakoitzaren ondoan ikaragarriago bat baitago. Leonard Peltier, Albert Woodfox, Estatu Batuak, giza eskubideetan ikasgai emaile direnak askotan sufrimendu horien sorburu ditugu. Orduan, Lorentxaren askatzeaz pozten garen egun honetan, sekulako sagaioa dugu buruan preso gaixoen artean desberdintasunak zergatik egiten diren ez baita ulertzen, arrazoi politikoengatik ez bada. Sufrimendua areagotzeko. Baina, beti, politika oinarri. Peltierren iritzi artikuluan bukaerako mezua geroari begira igorria da, alegia, borrokan jarraitzeko deia, horrenbeste urteren buruan, eramandako borroka hutsean gera ez dadin. Hau baita erronka, horrenbeste eman ondoren jarraitzea, lanari lotzea eta gure geroari estuki lotzea gure ametsak lapur ez ditzaten.

Munduan zehar euskal militante asko daude, esperantza honekin ihardukitzen, batzuk eritasun larriekin, batzuetan sendagaien lortzeko zailtasunetan, isilean, borrokan, bizitzeko. Haien esperantza bakarra herria; Angelin dut gogoan, baita ere Hilario. Bizi guztirako desterrua jasanen ote dute?

 Hodei Egiluzen familia eredugarria da, bizi izan dutena ikaragarria baita. Ezin da irudikatu Pertur, Popo eta Naparraren familiek pasatu zutena eta pasatzen ari direna. Esperantza bakarra da, egun batean norbait, zerbait, hitz bat, inguru bat agertuko dela, argitzeko, gazte horiek eman zutenaren neurrian egonen den erantzun bat familientzat, guretzat.

 Aberri Eguna hurbiltzen ari zaigu; norabidean ez dugu huts egin behar. Ez da egun folklorikoa izanen, elkartzeko, herria, borroka aldarrikatzeko eguna izanen da, dena ez baita gelditzen bihurgune bat hartu delako, alderantziz, denen beharra badago gerla ideologikoa gogorragoa baita. Baina beldurrik gabe, aniztasunari ateak irekiz, debateari lekua eginez. Borroka honek merezi duelako, borrokan aritu direnei omenaldi zintzoena baita, omenaldi handiena.