GARA
donostia

Eroskik supermerkatu berria irekiko du Aretxabaletan, 2 milioi inbertituta

Supermerkatu berri baten irekiera iragarri zuen atzo Eroskik, Carrefour banatzaileari 205 milioi euroren truke Estatu espainoleko lurralde ezberdinetan kokatutako 36 hipermerkatu saldu dizkiola jakinarazi eta biharamunean. Hain zuzen, Debagoiena bailarako Aretxabaleta herrian zabalduko du denda berria, 2 milioi euro inbertituta. Irekiera 2017ko lehen hiruhilekorako aurreikusi, eta 35 langile izatea espero dute.

Eroskik ohar baten bidez azaldu zuenez, supermerkatu berria Azbe enpresaren pabiloi zaharretan irekiko du, Mitarte kalean, eta 1.500 metro karratuko salmenta gune bat izango du. Horrez gain, 80 autorentzako aparkalekua edukiko du.

Kooperatibak bere presentzia lehentasunezko guneetan indartzeko abian jarri duen estrategiaren ildotik hartu du denda berri hau irekitzeko erabakia. Gune horien artean dago, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoa.

Supermerkatuaren ezaugarriei dagokionez, gaur egun kooperatiba bultzatzen ari den “Zurekin” ereduaren barruan kokatuko da denda. Mikel Labayen Eroskiko ordezkariak adierazi zuenez supermerkatu berriak eskualdeko ekonomia indartuko du.

Egun Gipuzkoan 138 denda dauzka Eroskik. Horietatik 70 supermerkatuak dira, zortzi hipermerkatuak, 28 bidaia agentziak, hiru gasolindegiak, hiru optikak, bost Forum Sport kirol dendak eta 21 If lurrin denda.

Plantillari dagokionez, 2.300 langile ditu Gipuzkoan.