GARA
DONOSTIA

A-8a eteteagatik epaiketara agertu ez diren hiru gazteak atxilotzeko agindu dute

Saioa Zerain, Asier Alberdi, Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarreta epaitegira deituta zeuden, «Segi auzia» salatzeko A-8a moztea egotzita. Azken hirurak ez ziren azaldu, eta atxilotzeko agindu dute.

Eleak Mugimenduak babesa erakutsi zien Saioa Zerain (gasteiztarra), Asier Alberdi (bilbotarra), Ainara Ladron (elgoibartarra), Aritz Azkona (arrietarra) eta Naroa Ariznabarreta (eibartarra) gazteei. Atzo zuten epaiketa Donostian, laugarrenez, 2007an «Jarrai-Haika-Segi auzia» salatzeko A-8 autobidea moztu izana leporatuta. Baina azken hirurak ez ziren agertu eta epaileak, fiskaltzaren adostasunarekin, eurak atxilotu eta espetxeratzeko agindu zuen, epaiketa data berria finkatu bitartean.

Epaituetako batek NAIZi jakinarazi zionez, epaileak aurkeztu ziren bi gazteei galdetu zien bere aurretik pasarazi zituenean ea bazekiten beste hirurak non zeuden. «Zer nahi duzue honekin? Espetxera joan? Ba lortu duzue», esan zien, haserre.

Desobedientziaren aukera

Eleak Mugimenduak ohar batean adierazi zuenez, larritasun uneak dira Aritz, Ainara eta Naroarentzat, baita euren senide eta hurbilekoentzat ere. «Baina salaketa, borroka eta mobilizazio uneak ere badira».

Ainara Ladronek espetxeratze agindua ezagutu ondotik esan dituen hitzak bere egin zituen Eleak-ek: «Gaur egun desobedientzia oso tresna eraginkorra da, estatuen izaera antidemokratikoa agerian utziz, indarrak biltzeko (...) askatasunaren bidean, lege injustuak gainditzeko gure borroka eta hautua ere kolektiboa izango dira. Jarrera desobedienteak esparru guztietara hedatzeko ekarpena da gurea».

Desobedientzia hautatu dute auzipetuek, eta horrekin bat eginez, mobilizazioetan parte hartzera dei egin zuen Eleak Mugimenduak: «Gure eskubide zibil eta politikoen defentsan, eta horiek defendatzeagatik zigortzen dituztenak babesteko». Besteak beste, Arbizun, Eibarren, Gasteizen eta Elgoibarren antolatu zituzten atzo iluntzerako elkarretaratze eta manifestazioak.