Ados Teatroak jasoko du aurten XVI. Donostia Antzerki Saria
Ados teatroaren «Maitasunaren ostean, maitasuna» obrak jasoko du XVI. Donostia Antzerkia Saria, alzheimerraren gaia «abilezia handiz» landu eta obra «hunkigarri, poetiko eta sinesgarria» osatzeagatik. Saria martxoaren 27an jasoko dute, Victoria Eugenia antzokian.

«Sari bat jasotzea beti eskertzen da, are gehiago etxean denean», esan zuen atzo Garbi Losadak. Berak eta Ados Teatroko kideek jasoko dute aurten XVI. Donostia Antzerki Saria, alzheimerraren gaia lantzen duen “Maitasunaren ostean, maitasuna” obragatik. Sorkuntza lan honek antzerkiaren eta pinturaren arteko uztarketa «poetiko eta zirraragarria» egiten duela eta alzheimerraren gaia «abilezia handiz» landu dutela iritzita eman die saria epaimahaiak, eta eszenaratzea ere goraipatu dute: «Ekarpen berriak egiten ditu eta oso sinesgarria da. Aktoreek lan sendoa egiten dute istorio hunkigarriari behar bezala eutsiz eta ikuslea erabat harrapatuz. Era berean, testurik gabeko tarteek ere indar handia dute, irudiak eta soinuak antzokiaren berezko ahalmena leherraraziz eta sentsazio boteretsuak eraginez. Laburbilduz, oso lan hunkigarria da, publikoarengana zuzen-zuzenean iristen dena».
Saria martxoaren 27an jasoko dute, 19.00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta, ostean, obra antzeztuko dute.
Alzheimerraren poetika
Alzheimerra duen 55 urteko emakume bat da “Maitasunaren ostean, maitasuna” antzezlanaren muina. Hasieran bere egoerarekin kontziente bada ere, gaixotasunak aurrera egin ahala bere bizitzaren kontrola galtzen duela sumatuko du: «Antzezlan gogorra da, baina badu umoretik eta batez ere poetikatik; gaixotasunaren ostean geratzen den maitasunaz hitz egiten du», nabarmendu zuen Garbi Losada obraren zuzendariak.
Antzezlanean Ane Gabarain, Dorleta Urretabizkaia eta Sara Cozarrek hartzen dute parte. Urretabizkaiak, maitasuna eta alzheimerra lantzeko gai zailak direla nabarmendu zuen, «baina Garbik ematen dion tratamendua oso erreala da; gaixotasuna duen emakumearen ikuspuntua da. Hitz gutxiko testu ausarta da, oso poetikoa, antzezle bezala biluzik uzten gaituena».
Gabarain da protagonistaren larruan sartzen dena: «Errealitatearen distortsioak iraganera bidaiatzera eramango du, oso gordina da. Paper berezia da niretzat, asko gozatzen dut osagai askoko pertsonaia delako; minetik badu,baina baita samurtasun eta umoretik ere».
Antzezlanak Dora Salazar artistaren obran du oinarria eta hari eskerrak ere eman nahi izan zizkion Losadak, «bere obra osoa eskaini eta askatasunez erabiltzen utzi digulako». Salazarren obraren zalea dela aitortu zuen Ados Teatroko kideak, baita antzezlanaren estreinaldian –gaztelaniaz 2014an estreinatu zuten, euskaraz 2015eko ekainean–, «oso urduri» zegoela ere: «Baina gustatu zitzaion. Bere obra oso teatrala da, irudi askokoa».
Saria jasota, Ados Teatroak 10.000 euro jaso eta Harri Xuri produkzio gunean sormen lan berria gauzatzeko bi asteko egonaldia egiteko aukera izango du, baina Donostia Sariak konpromisorik ere badu: 2018an euskarazko antzezlan berria estreinatu beharko dute Donostian.
«Euskaraz saio gutxi egin ditugu, pena da»
«Oso pozik nago sariarekin, obra honek benetan merezi duelako. Baina pena handia ere badut, euskaraz obra honekin saio gutxi egin ditugulako. Horregatik poztu nintzen horrenbeste Donostia Saria eman behar zigutela jakin nuenean», ziurtatu zuen Ados Teatroko kide eta “Maitasunaren ostean, maitasuna” obran parte hartzen duen Sara Cozarrek. Iaz estreinatu zenetik, euskarazko hogei antzezpen «soilik» egin dituztela zehaztu zuen Ane Gabarainek eta obrak «jendearen bihotzera iristeko» duen gaitasuna nabarmendu zuen: «Zangozan, publikoan zegoen gizon bat etorri zitzaigun negarrez, eta emazteak alzheimerra zuela eta hamalau urtez zaindu zuela kontatu zigun...Oso polita izan zen».
Ados Teatroko kideek esan horiekin erantzun zioten Donostiako Udaleko euskara zinegotzi Miren Azkarateri, honek euskal antzerkiaren osasuna goraipatu ostean. «Askotan antzerkilari eta taldeek zerbait behar badute emanaldi gehiago izatea da, baina lanen kalitatearen aldetik badago sendotasun nahikoa», argitu zuen Azkaratek. Bere aldetik, Donostia Kulturako arte eszenikoen programatzaile Norka Chiapusok Euskal Herrian helduei begirako euskarazko programazio eszeniko jarraitua egiten duen «ia bakarra» Donostia dela nabarmendu zuen: «Egia da interesgarria litzatekeela Euskal Herri mailan halako ekimenei ekitea, zirkuitu osotuagoa eduki ahal izateko», esan zuen. A.A.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
