GARA
EIBAR

Naroa Ariznabarreta atxilotu eta Martuteneko espetxean sartu dute

Martuteneko espetxean da atzo Eibarren atxilotu zuten Naroa Ariznabarreta gaztea. 2007. urtean egin zuten protesta batengatik asteazkenean epaitu behar zuten Donostian, baina uko egin zion epaitegian aurkezteari, Aritz Azkonak eta Ainara Ladronek bezala.

Polizia espainolak Naroa Ariznabarreta eibartarra atxilotu zuen atzo, eta epaileak Martuteneko espetxera bidali zuen. Beste lau lagunekin batera asteazkenean Donostian epaitu behar zuten, baina Ariznabarreta, Aritz Azkona eta Ainara Ladron ez ziren epaiketara agertu. Epaileak hirurak atxilotzeko agindua eman zuen. Bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak auzipeturiko gazte bakoitzarentzat.

2007an gazte mugimenduaren kontra Auzitegi Nazional espainolean burutzen ari zen epaiketarengatik protestatzeko A-8 autobidea moztu zuten.

Epailearen aurrean, Ariznabarretak epaiketa honen izaera politikoa salatu zuen eta auzipeturiko bostek, modu desber- dinean, desobedientziaren aldeko hautua egin zuten. Era berean, prozesu hau bederatzi urtetan luzatu dela azpimarratu zuten, honek haien bizitzetan eragin handia izan duela nabarmenduz.

Hirurak, Saioa Zerain eta Asier Alberdirekin batera daude auzipetuak. «Beren nahia kartzelara joatea baldin bazen, lortu egin dute. Kartzelara joango dira», adierazi zuen epaileak Zerainek GARAri esan zionez. Epaileak jarri beharko luke epaiketarako beste data bat, eta ordura arte gazteak espetxeratzea agindu du. Laugarren aldiz atzeratu da epaiketa, bederatzi urtez luzatu den prozesuan. Arratsaldean hainbat gaztek Eibarreko Untzaga plazako kalea moztu zuten atxiloketa salatzeko.

Bestalde, Iruñean atzo Hector Barandika Antsoaingo gaztea epaitu zuten atzo #28akereLibre ekimenaren harira egindako protesta ekintza batean parte hartzeagatik. Hamaika hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak «erresistentzia» delitu bat leporatzen diolako.

Barandikak pairatzen duen egoera hau salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Iruñeko Auzitegiaren aurrean. Arratsaldean, berriz, beste elkarretaratze bat egin zuten Antsoainen.