Stop War, kulturak baduelako gatazketan eragiteko ahalmenik
Lau agertoki, 70 arte eta gastronomia postu, berrehun artistatik gora eta diziplina anitzeko 50 ekitaldi bateratuko ditu Stop War jaialdiak Donostian martxoaren 25etik 27ra bitartean, aldarri beraren pean: kulturak badu gerra eta gatazketan eragiteko ahalmenik.

Antzerkia, musika, erakusketak, dantza, topaketak, hausnarketarako guneak... eta beste dozenaka proposamen dakartza Stop War jaialdiak, guztiak ere aldarri bakar baten pean: antimilitarismoa sustatu eta gerra eta gatazken aurrean kulturak eragiteko duen ahalmenaz gogoeta egiteko bidea irekitzeko asmoa.
Urumea ibaia bizkarrezur metaforiko gisa hartuta, Donostia 2016ren baitan kokatzen den jaialdi honek hiriko puntu ezberdinetan banatuko ditu ekimenak eta, horietan, «gerraren aurkako aldarriaz aparte hausnarketarako espazioak ere ireki nahi dira; gerren aurrean hainbat jarrera har daitezkeelako», azaldu zuen ekimenaren koordinatzaile Arrate Velascok.
Jaialdia Aste Santu betean, martxoaren 25etik 27rako asteburuan ospatuko da. Urtarrilean jada iragarri zuten gauetako kontzertuetako kartelean Nick Lowe (27an), Bob Geldof & The Boomtownrat eta Gose (biak 26an) ariko zirela –Anari ere iragarri zuten, baina abeslariak bere parte-hartzea ezeztatu zuen publikoki arrazoirik eman gabe–, eta, atzo jakinarazi zutenez, horiekin batera Esne Beltza (27an), Niña Coyote eta Chico Tornado egiatarrak eta Maliko Inna Modja emakumeen eskubideen aldeko aktibista eta abeslariak ere parte hartuko dute (azken biak 25ean). Kontzertuek trafikoan zenbait mozketa eragingo dutela ohartarazi zuten antolatzaileek.
Gaueko programazioaz gainera, hiru egunetan zehar 27 ekintza hartuko dituzte hiru agertokik. Bilbo plazan “Egeo itsasoa” agertokia egongo da, Okendo plazakoa “Giza eskubideen agertokia” izango da eta Frantzia pasealekukoa “Women in Black” agertokia. Horietako bakoitzean arte eta kultur diziplina ezberdinekin lotutako hiru jarduera garatuko dira eguneko, 12.00etan, 17.30 inguruan eta 19.00etan. Agertoki hauetatik pasatuko dira, besteak beste, kantautoreak, Marsel magoa, Ttotelka, Ipuin Kantalariak, Antton Aranburu & Bikiak, Mery May & The Muppets, Clowntu, Funkdamental, Burun Danga, Latitud 43, Soraya Garcia edota Rolling Rice. «Antzerkia, dantza, musika... kontu kontalarietatik heavy metalera, denetariko ekimenak egongo dira», nabarmendu zuen KA Kultura Alternatiboko kide Rakel Terceñok, eta egitarauan tokiko taldeek jaialdian izango duten lekua nabarmendu zuen. Agertoki horiez gainera, beste bi ekimen ibiltarik ere zeharkatuko dute hiria: Aldarri folklore tradizionala eta dantza garaikidea uztartzen dituen ekimenak (Bulebar eta Kale Nagusiaren artean) eta Rockalean Rock, musika genero horren historian oinarritutako emanaldiak (hirian zehar).
Topaketak eta solasaldiak
Eta hausnarketak ere izango du lekurik Stop War-en. Hilaren 26an, Donostiako udalbatza-aretoan bakearen aldeko alkateen topaketa egingo da. Bertan parte hartuko duten alkateen artean daude Manuela Carmena (Madril), Josep Maioral y Antigas (Granollers), Eneko Larrarte (Tutera), Julen Mendoza (Errenteria) eta Eneko Goia (Donostia).
Bezperan, Aieteko Bakearen etxean hitzaldi sorta eskainiko dute kultur zein gizarte alorrean lan egiten duten zenbait kidek, kulturaz eta gerraz, segurtasun ereduez, antimilitarismoaren orainaz eta historiaz edota desplazatuez eztabaidatzeko.
Stop War martxoaren 25etik 27ra bitartean gauzatuko bada ere, apirilaren 2an Antzoki Zaharrean gerraren aurkako zinema-maratoia izango da; 10.00etatik 19.50era bitartean, Stanley Kubrick-en “Paths of Glory” (1957) edota Danis Tanovic-en “No Man’s Land” (2001) emango dituzte, besteak beste. Emanaldi hauen helburua «gerraren zentzugabekeriaz» hausnartzea da eta sarrera doakoa da, gonbidapenak agortu arte (antzokiko leihatilan edota Donostia Kulturan eskuratu daitezke).
Data zehatzak eta jaialdiaren gaineko informazio gehiago, Donostia 2016ren webgunean.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
