Emoziorik gabeko politikarik? Ez, eskerrik asko!
Politika eta emozioak; harreman konplexu hori aztertzeko bideak ugariak dira, nork berea hautatzen ahal duelarik, baina argi dago akats larria dela emozioak aintzat ez hartzea. Are gehiago arrazoia eta emozioak era sinplistan bereizi eta, ohiko metaforak baliatuz, buru eta bihotzaren arteko lehiaren terminoetan aztertzea.
Izan ere, erabaki politikoak hartzean, nola zehaztu zer dagokion arrazoiari eta zer emozioei? Manifestazio batera joateko erabakian, botoa ematean, mintzaldi bat entzutean, egitasmo batekin lerrotzean… nola aztertu hautapenaren motibazioak? Nola jakin noraino iristen diren zaletasunak, gorrotoak, ilusioak, beldurrak, nahiak, zapuzketak, ametsak?
Eta, zergatik hartu beharko genituzke emozioak arrazoien azpikotzat? Hierarkiak oinarri dituen mundu honetan, emozioak azpian daude eta arrazoiak goian. Hala da gorputzean, burua goikoa baita, gorena. Bihotza beherago dago, tripetatik gertuago. Eredu horren arabera pentsarazten dizkigute emozioak, beheko joerak gisara.
Emozioak, baita politika bera ere! Mendeetan herria bihotzarekin eta emozioekin lotua izan da; eta elitea buruarekin. Goikoak goian, burua erabiliz, behekoak behean ezarrita. Iraultzak, matxinadak, protestak, mundua aldatzeko saioak bihotzetik eta, are gehiago, tripetatik datoz. Ordena, kapitalismoa, monarkia, mailaketa sozialak, klase bereizketak, berriz, buruaren eta arrazoiaren fruituak dira.
Herriaren senak beti jakin du emozioak funtsezkoak direla. Zapalkuntzari aurre egiteko ilusioak, ametsak eta grina behar dira. Zaila da mundua aldatzea beste mundurik irudikatzeko gaitasunik gabe.
Kasu, kontua ez da dikotomia ergel horretan bestela erortzea. Ene asmoa ez da emozioen defentsa egitea, arrazoiaren aurka edo, gakoa uztarketa dela azpimarratzea baizik. Baina uste dut hau idazki honetan baino askoz ere hobeki ulertuko dela gaur arratsaldean Anoetan. Ongi etorri, Arnaldo, Lorentxa…!

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
