GARA
BERLIN

Estatu frantseseko istripu nuklearrik larriena ezkutatu egin zuten 2014an

Alemaniako hedabideek salatu dutenez, frantses Estatuko agintariek ezkutatu egin zuten orain bi urte Fessenheimeko zentral nuklearrak izan zuen istripuaren larritasuna. Merkelen Gobernuak instalazio horiek lehenbailehen ixteko eskatu dio, zaharkituta daudelako.

WDR telebista kate publikoak eta “Suddeutsche Zeitung” egunkariak atzo eskaini zuten informazioaren arabera, ASN frantses Estatuko energia nuklearraren erakunde arautzaileak eta EDF energia konpainia erraldoiak propio ezkutatu zuten 2014ko apirilaren 9an Fessenheimeko zentralean izan zen istripuaren larritasuna. Erreaktore bat indargabetu behar izan zuten, puntu ezberdinetan jarioa atzeman ondoren.

Aipatu bi hedabideek argitara eman duten informazioak eransten du «Europako mendebaldean inoiz izan den istripu nuklearrik larrienen artean» egon daitekeela Alemaniaren, Suitzaren eta estatu frantsesaren arteko mugaren ondoan eraikitako plantan gertatutakoa.

ASN erakundearen dokumentu bat eskuratu dute komunikabide horiek. 2014ko apirilaren 24an ASNk berak zuzendaritzako kideei bidalitako eskutitza litzateke. Idatzi horrek eta ondorengo erantzunak azaltzen dute erreaktorea indargabetzeko garaian ere arazoak izan zituztela, erregaia kontrolatzeko barrak trabatuta geratu baitziren.

Aditu batek jakinarazi duenez, boroa erabili behar izan zuten arazoa konpontzeko, Europako mendebaldean oso gutxitan erabili den aukera. Manfred Mertins segurtasun nuklearraren inguruko gaietan adituak adierazi du berak ez duela tankerako kasurik ezagutzen.

Hedabideek egin duten ikerketaren arabera, ASN erakundeak egin zituen txosten ofizialetan ez zen aipatu ere egin boroa; ezta barrak trabatuta geratu zirenik ere. Gainera, arazoaren berri ez zioten Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari (IAEA) eman.

Fessenheimeko zentrala Alemaniako mugatik gertu eraiki zuten, Rhin ibaiaren ondoan. 1977an hasi zen lanean lehenengo erreaktorea, eta 1978an bigarrena. Estatuko zaharrena da.

Horrexegatik, ekologistek askotan eskatu izan dute zentrala ixteko. 2014an, esaterako, orain ezagutu dugun istripua gertatu baino aste batzuk lehenago (martxoaren 18an), Greenpeacek planta okupatu zuen. Europa osoarentzat arriskutsua zela zioten hamalau herrialdetatik iritsitako manifestariek. Kamioi batean sartuta iritsi ziren ekologistak zentralera, segurtasun neurriak ere berraztertu beharrekoak zirela agerian jarriz. 34 manifestari atxilotu zituzten.

«Guretzat argi dago zentral hori zaharkituta dagoela, zaharkituegia. Horregatik Ingurumen Ministerioak lehenbailehen ixteko eskatzen du», esan du Barbara Hendricks Alemaniako ministroak. Gauza bera eskatu zuen 2014ko apirilean ere, orain ezagutu dugun istripua zela-eta.