Beñi Agirre
Euskara irakaslea
KOLABORAZIOA

Estatua beharrezkoa

Euskararen misterioa ez omen da bere jatorria, gaurdaino iraun izana baizik. Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak esan berri duen bezala, «katalana bezalako hizkuntzak, estatu batek babestuta daudenean, indartu egiten dira». Ez zaio arrazoirik falta. Hizkuntza batzuentzat gainera, indartze hori hil ala bizikoa izan liteke. Gaurdaino iraun izanaren misterioa argitu dezakeena, agian.

Euskarak badu zenbait estatu-administrazioren aldeko jarrera eta babesa; baina, ez estatuarena. Ez Espainian, ez Frantzian. Kontua ez da tarteko erakunde horien euskararen aldeko lana gutxiestea edo alboratzea. Bide horretatik egin den eta egiten ari den lana beharrezkoa da, eta beharrezkoa denez, indartzeko ere bada. Kontua da (Pako Aristiri hartutako ideiaren ildotik) boterearen piramidearen erdi mailako estamentu batzuen konplizitatea badugula; boterearen erpineko estatuarena, ordea, ez. Euskara indartuko da benetan erpin-botere horrek, estatuak, euskara indartzeko jarrera hartzen duenean. Hortaz, bi aukera bakarrik daude: oraingo estatu frantses-espainolek euskara bultzatu ala euskarak erpina irabazi.

Aipatu solasaldi berean honela esaten zuen Puigdemontek: «Gure hizkuntzak luze iraun badu, mendeetan zehar etengabeko erasoei boluntario-belaunaldiek aurre egin dietelako izan da». Euskararentzat ere balio du hausnarketa horrek. Baita berak esandako ondokoa ere: «Bizirik gaude, etenik gabe lotu garelako hizkuntzaren defentsarako kate luzean». Aurrekoek ereindakotik elikatzen gara gu, eta guk ereindakotik izango dira besteak.

«Izan ginelako gara eta garelako izango dira», esaten dugu transmisioaren garrantzia azpimarratu nahi dugunean. Kate bat da. Belaunaldi bakoitzak ez du hizkuntza berria asmatzen, ezagutzen duenetik abiatuta berritzen du hizkuntza unean uneko testuinguru historikora egokitzeko. Harrigarria dena zera da, euskararen zientziaren alorrerako balio argia duela defendatzen duten batzuek zergatik ez dioten balio bera ematen bestelako zientzietan. Adibidez, historian ala zientzia politikoetan. Ez dugu herri bat asmatu beharrik, baginen, bagara eta botere nahikoa erdiesteko gaitasuna dugun neurrian, izango gara.

Estatu propioa berriro izateak ez du berez euskararen etorkizuna ziurtatuko. Hori ere egia da. Puigdemontek esaten duena zera da: harenganako babesak hizkuntzaren balioa indartuko duela. Bide horretan, Kataluniako presidenteak azken ekarpen bat egiten du, guretzat ere baliagarri izan daitekeena: «Aspalditik ulertu dugu hizkuntzen etorkizuna ez dagoela soilik legeetan, ezta erasoei aurre egiteko gaitasunean ere. Hizkuntzaren etorkizuna hiztunen baitan dago batez ere».

Bai zientzia politikoan, bai historian, bai eta hizkuntzaren berreskurapenean ere, subjektuaren definizioa da gakoa. Euskararen berreskurapenaren subjektua euskal hiztuna da. Hamaika hizkuntza eta mintzamolde izan daitezke eremu jakin batean, New Yorken adibidez, bata izango da hegemonikoa, ordea. Estatuarena. Boterearena. Ez derrigorrez hiztun kopuru handiena duenarena, baizik eta berera erakartzeko, besteengandik zilegitasun apur bat handiagoa duela justifikatzeko, diskurtsoa inposatzen duen boterearen laguntza lortzeko gaitasuna duen hizkuntza izango da garaile. Hortaz, estatuaren laguntza izateak hegemonikoa izaten ere laguntzen du.

Beste modu batera galderak eginda ere planteatu daiteke gaia. Adibidez, estaturik ez izatea neutroa da? Statu quo egoera honek laguntzen digu? Betierako berdinketa edo empate eterno egoerak noren alde jokatzen duen ikusteko, egungo egoerari begiratzea besterik ez dago. «Elebitasuna», «eleaniztasuna», «hizkuntza guztiek tratu bera behar dute», «ez bataren ez bestearen alde ez da egin behar» bezalako ideiek, noren alde jokatzen dute? Bistakoa da, estatua duen hizkuntzaren alde. Gure kasuan, gaztelaniaren eta frantsesaren alde. Hortxe frogarik argiena guk geuk ere erreibindikatzeko geure estatu propioa. Euskarak estatua behar du, euskaldunok ere bai.