Jon GARMENDIA
Idazlea

«Eulien ugazaba»

William Goldingek idatzitako “Lord of the flies” ekarri zuen euskarara Joxe Austin Arrietak aspaldi, “Eulien ugazaba” izenburuarekin. Euskaraz irakurtzen nuen lehenetariko liburua zen, eta hiztegi aldetik konplikatua egin zitzaidan, gerora beste hizkuntza batzuetan irakurri izan dut eta tira, itzultzailearen lana zipriztindu gabe, euskaldunok gauza batzuk zailago bihurtzeko joera ez ote daukagun pentsatu dudala ezin uka, eta ez naiz itzulpengintzaz ari. Bi euskaldun, hiru sesio, teoria anitz eta denok arrazoi.

Nobel saria eskuratutako Goldingek istorio sinple bat idatzi zuen, baina barnean zeharbideak zeuzkan. Gerra garaian hegazkin batek istripu bat izan, eta biziraun zuten bakarrak haurrak ziren, nerabeak, eta uharte batean hartu zuten aterpe. Heien kabuz moldatzen ikasi behar zuten, bat egin eta elkar babestu, eta bide batez jatekoa eta edatekoa lortu. Baina bi lider agertu ziren, Ralph eta Jack, demokratikoki hautatua lehena, itsas karakola baten oskola eskuetan hartuta hitz egiteko txanda proposatzen duena, eta indartsuena bigarrena, autoritarioa, arauen eta beldurraren bidez botere nahiak asetzen dituena. Liderren borrokak ekartzen du zatiketa. Oroitzen dut Piggy, Ralphen laguntzailea, Jacki aurre egiten, «hemen animatuko gaituenaren beharra daukagu, ez beldurtu eta zein gaizki gauden etengabe errepikatuko digunarena». Iron Maidenek abesti bat egin zuenean oroitu nuen azken aldiz liburua, orain, Arnaldo Otegi entzunda etorri zait berriro.