GARA
URRUÑA

Irailean abiatuko da berriz Planning Familial-en sostengu lana

Planning Familial elkarteak Ipar Euskal Herrian zuen ordezkaritza itxi zuen urte hasieran, boluntario eskasiagatik. Berriak zeresan handia eman du, eta handik hiru hilabetera hutsune hori berriz betetzeko talde berri bat osatu da.

Atzo Baionan eginiko agerraldian, irailaren 1etik aurrera berriz sexualitateari eta harremanei buruzko informazioa, formakuntza eta sostengua emanen dituztela jakinarazi zuten. 31 pertsonak osatzen dute talde berria, non gizonezkoak ere badiren. Boluntarioek lan hori era egokian egin ahal izateko departamentuko Planning Familial elkartean jasoko dute formakuntza.

Jendearen zalantzei erantzungo diete astean behin, asteazken arratsaldeetan. Horretarako gunea oraindik ez dute lortu. Beste gunerik ezean, Les Bascos, Ipar Euskal Herriko LGTB elkartea, Baiona Ttipian duen Txalaparta egoitza uzteko prest agertu da. Hala ere, talde berriko kideak erakundeengana zuzendu dira lokal publiko bat lortzeko asmoz. Ahal baldin bada, Baiona, Angelu eta Biarritz inguruan lortu nahi dute.

Ikur bat borrokan

Emakumeen askapenerako borrokan Estatu frantsesean ikur bat da Planning Familial egitura. Ipar Euskal Herrian ere hala izan da, 1963an MLAC-eko (Abortu eta Kontrazepzio Askearen aldeko Mugimendua) militanteen laguntza rekin sortu zenetik. Garai hartan antisorkuntza, sexu-hezkuntza eta abortatzeko eskubidea zituen aldarrikapen nagusiak.

Borroka gogorren ondorioz, 1972. urtean kontrazepzioa ofizialdu egin zen eta, hiru urte geroago, «Veil legea» deiturikoaren bidez, haurdunaldia eteteko aukera legeztatu zen.