Denak Carlos Velari begira
Taldea gaur itzuliko da Zubietara eta, zoritxarrez, aurrelari mexikarra izango da protagonista nagusia.

Reala gaur, 11.00etan, itzuliko da Zubietako entrenamenduetara eta, zoritxarrez, begirada guztiak Carlos Velari zuzenduko zaizkio. Mexikarrak asteleheneko lan saiora kale egin zuen, gaixo zegoela argudiatuz, baina bezperan Madrilen goizaldeko ordu txikietan kontzertu batean egon zela jakiteak haserrea sortu du txuri-urdinen taldean eta jarraitzaileen artean. Vela Bartzelonara joatekoa zen atzo, jai eguna baliatuz ekitaldi batean parte hartzera, eta gaur azaldu beharko die gertatutakoa taldeko ordezkariei.
Horrelako aferak ez dira inoiz ongi etorriak izaten, baina are gutxiago aste honetan. Izan ere, azken hiru neurketetan bi puntu bakarrik pilatu ondoren, badirudi datorren larunbatean Celtaren aurka gertatzen denak zehaztuko duela talde donostiarrak oraindik Europako postuekin amesteko zirrikituren bat izan dezakeen ala joko horretatik erabat kanpo geratuko den.
Kontuan izan behar da Celta zazpigarren postuan dagoela orain 42 punturekin, eta Realak 35 dituela. Irabaziz gero, galiziarrak lau puntura ipiniko lirateke 9 jardunaldiren faltan. Galduz gero, aldea 10 puntura joango litzateke, eta berdinketak ere ez du balioko seguruenik.
Oroitzapen desberdinak
Balaidos ez da plazarik txarrena Realarentzat. Lehen Mailara itzuli zenetik gipuzkoarrek ez dute bertan galdu, eta Vigon jokatutako Ligako azken bost partidetan ez du galdu –lau berdinketa eta garaipen bat–. Hori bai, 2008/09 denboraldiko Kopan galdu egin zuen Realak, eta apur bat atzerago eginda, oroitzapenak ez dira horren onak. Taldea Bigarren Mailara jaitsi zen urtean 1-0 galdu zuten donostiarrek, eta nola ahaztu 2003ko ekainaren 15a: Realak bere historiako hirugarren Liga irabazteko aukera zuen, baina 3-2 galdu zuen Balaidosen eta titulua Real Madrilentzat izan zen azkenean.
Eusebiorentzat ere zelai berezia da, 1995 eta 1997. urteen artean Celtako jokalaria izan zelako, eta entrenatzaile moduan ere bere lehen esperientzia bertan izan zuelako 2009 eta 2010. urteen artean.
Rulli Argentinako selekzioak deitu du berriz ere
Tata Martinok, Argentinako hautatzaileak, Geronimo Rulli deialdian sartu du martxoaren 24an Txileren kontra eta 29an Boliviaren aurka jokatu behar dituen neurketetarako. 2018ko Mundu Txapelketa dago jokoan.
Bartzelonaren aurka, bazkideak ere ordaintzera
Apirilaren 9an Realak eta Bartzelonak Anoetan jokatuko duten partida, 32. jardunaldiari dagokiona, Klubari Laguntzeko Egun izendatu dute. Hala, bazkideek ere ordaindu egin beharko dute neurketa hori ikusteko.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
