Jon ORMAZABAL
afizionatuak

Oztopoak oztopo, Iparrralde GRAVNIan izango da aurten

Federazio frantsesak, espainolak xaxatuta, egindako presioarengatik eta zigor mehatxuengatik zenbaitpilotarik atzera egin badute ere, Iparraldeko beste multzo handi batek aurrera egiteko erabakia berretsi du.

Ez da, inondik inora, erabaki erraza izan, baina azken bi urteetan bezala, Ipar Euskal Herriko pilotariek GRAVNI txapelketan parte hartuko dute aurten. Urtarril amaieratik ari dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako pilotari eta elkarteak txapelketa honetan parte har ez dezaten presioa jasaten, baina atzo izandako bilera batean jokatzeko erabaki irmoa hartu zuten.

Mehatxuak Frantziako Federaziotik jaso dituzte, baina hauen atzean Espainiakoa legoke. Lizentzien auzia, Iparraldeko taldeak jokatuta txapelketak nazioartekoa behar lukeela eta protokoloak aldatu beharko liratekeela aipatzen dira arrazoi nagusitzat, baina Patxi Jauregi Euskadiko Pilota Federazioko lehendakariarentzat –txapelketaren antolatzaileetako bat da erakunde hau– aitzakiak baino ez dira: «Euskadiko Federazioa Espainiakoaren barruan ez dagoenez, txapelketa ilegala dela ere badiote, baina juridikoki horrek ez dauka inolako zentzurik. Gainera, esanguratsua da, presioak Ipar Euskal Herriko taldeak baino ez dituela jaso, euren eskumenetatik at dagoen taldeak, eta aldiz, Errioxa eta Nafarroako federazioek, eta hauek badaudela Espainiakoaren barnean, ez dute inolako mehatxurik jaso».

«Tabuak hautsi»

Federazio espainolaren eta frantsesaren jokabidean errebantxa asmorik ere sumatu dute Euskadiko Federazioan. Azken hau CIPJen –Pilota Joko Zuzenen Nazioarteko Federazioa– onartua izan da eta horrek ezkerparetan ere nazioartean lehiatzeko aukerak ireki ditzakeelako edo. Kontua da, azken bi urteetan normaltasun osoz aritu direla Iparraldeko pilotariak GRAVNIa jokatzen, batez ere trinketean joko maila igo dute gainera, baina aurten iritsi dira oztopoak.

Gainerako lehiakideek ere beso zabalik hartu dituzte, eta urtean izaten diren beste hainbat lehiaketatan normaltasunez parte hartu izan dute Iparraldeko pilotari eta klubek, baina aurtengo GRAVNIan izango dute eraginik azkenaldiko presioek.

Izan ere, klub eta pilotari asko, «gertatzen dena gertatzen dela», aurrera egin eta etor daitezkeen zigorrak onartzeko prest dauden arren, badira, etor dakiekeenaren inguruko beldurraren ondorioz GRAVNIan parte hartzeari uko egin dioten pilotariak.

Nagusiki, Frantziako Federazioak antolatutako txapelketetan parte hartzea galaraztea, edo Mundu Txapelketetarako –hurrena Bartzelonan izango da 2018an– deituak ez izatea izango lirateke pilotari hauek izan ditzaketen zigorrik handienak.

«Txapelketan parte hartzeko pilotari mordoxka dituzten arren, egia da zenbait modalitatetan lehen mailako pilotari batzuek ez dutela jokatuko, beldurra librea baita. Dena den, guk aurrera egiteko adorea izan duten pilotariak goraipatu nahi ditugu, gaur egun dauden tabuak eta mugak hausteko balio baitezake aurtengo lehiaketak. Juridikoki ez dago kezkatzeko motiborik», azaldu zuen Jauregik.

 

Araba hartuko dute lehen jardunaldian

Asteburu honetan bertan hasiko da GRAVNI txapelketa eta Ipar Euskal Herriko taldeak Arabakoa hartuko du, Donibane Lohizuneko Campos Berrin, Hendaiako Daniel Ugarten eta Urruñan jokatuko diren 22 partidetan. Orotara, lehen jardunaldi honetan ezkerparetako eta trinketeko hamabi modalitatetako 80 partida jokatuko dira. Gainerako lehietan, egungo txapelduna den Nafarroak Gipuzkoa hartuko du eta Errioxak Bizkaia. Beste gauza batzuen artean, Iparraldeak parte hartzeak, astero talde guztiek jokatzea ahalbidetzen du, orain bi urtera arte, jardunaldi bakoitzean talde batek atseden hartu behar baitzuen.

Sei taldeek apirilaren 17an amaituko dute itzuli bakarreko ligaxka, eta hurrengo asteburuan finalerdiei ekingo diete. Finalak maiatzaren 1eko asteburuan jokatuko dira, baina oraindik zehazteke daude egoitzak. Nafarroako Federazioak interes handia agertu du dagoeneko txapelak banatzeko lehia hauek Iruñean izan daitezen.J.O.