Jon LEUNDA
Elkarrizketa
JULEN CASTAÑEDA
BURGOS CF TALDEKO JOKALARIA

«Unerik zailenean ere aurrera egin behar da etsipenak jo gabe»

Julen Castañeda tolosarra Real Sociedad taldean hazi eta hezitakoa da. Bigarren taldera iritsi zen, eta han urte batzuk egin ostean, Ponferradarako bidea hartu zuen, Bigarren Mailako Ponferradina taldean jokatzeko. Han bi urte egin eta gero, talderik gabe geratu zen, baina urtarriletik aurrera Burgos CF taldean ari da jokatzen. Zuri-beltzen hamaikakoan ezinbestekoa bihurtu da.

Hasi da argia ikusten Julen Castañeda, une zailak pasatu ostean. Uste baino gehiago luzatu zitzaion lesioari abuztuan talderik gabe geratzea gehitu behar zaio. Hala ere, tolosarrak aurrera egiten jakin izan du, eta abenduan ez zaio aukerarik faltatu izan, eta Bigarren B Mailako Burgos CF taldearekin sinatu du. Han hamaikakoan ohikoa da, eta maila bikaina ematen ari da.

Burgos aldean ongi?

Bai, etorri nintzenetik dena jokatzen dut, eta beraz, ez naiz kexatuko. Lehen hiru euskal jokalari zeuden hemen, eta haiek asko erraztu didate bidea. Etxetik ere ez nago horren urruti, beraz, gustura egoteko moduan nago.

Une zailak ahaztuta?

Bai. Hor lesioa hasieran uste baino gehiago luzatu zen. Hiru hilabeterako zela esan zidaten eta dezentez gehiagokoa izan zen. Azkenean hori gainditu dut, eta minik gabe jokatzen dut orain. Hala ere, lesioa pubisekoa izan zen, eta neure neurriak hartzen ditut, ingurune hori lasaitzeko.

Hori gutxi ez, eta gainera talderik gabe. Ez ziren hilabete errazak izango, ezta?

Hori da. Aurrena lesioa, eta hura gainditu, eta talderik ez. Ikusten nuen merkatua ixten ari zela, eta kanpoan geratzen nintzela. Oso une zailak izan ziren. Gero, ni ez nengoen ongi, dena pilatu zitzaidan, eta horrek nire ingurune guztiari ere eragiten dio, baina azkenean lortu dut aurrera egitea. Behin lesioa gaindituta, Real Unionekin entrenatu ahal izan dut, eta neguko merkatura ere ongi iritsi naiz.

AFErekin egin duzun egonaldia mesedegarria izango zen, ezta?

Bai, dudarik gabe. Azken batean, han nire egoeran zeuden jokalariak batu ginen, talderik gabe geundenak. Talde profesional bat bezala entrenatzen ginen, ia egunero genituen partidak, eta han jokalariak behar dituzten ikuskatzaile asko agertzen dira, eta hori talderik gabe dagoen edozeinentzat oso garrantzitsua da. Bi asteko egonaldia zen, baina nik aste bakar batekoa egin nuen, segituan zazpi eskaintza izan nituen, eta azkenean niretzat egokiena zela uste nuena aukeratu nuen.

Zer esango zenioke zu egon zaren egoeran dagoen bati?

Lanean jarraitu behar dela. Honelako egoerak oso zailak dira, baina nik garbi neukan 24 urterekin futbolean asko neukala egiteko eta erakusteko. Banekien Bigarren Mailan jokatzea zaila izango zela, eta Bigarren B Mailako talderen batean jokatu beharko nuela, baina aurrera egin dut. Lana eginez emaitzak heltzen dira eta iritsi zaizkit. Ez da inoiz etsi behar, nahiz eta une oso zailak pasatu.

Zer aurkitu duzu Burgosen?

Lehenengo eta behin hotza, etorri eta aurrena aurkitu nuen gauza hori izan zen. Gero, jende ona, zentzu guztietan, talde erosoa. Lehen esan bezala, bazeuden euskal jokalari batzuk hemen, eta haiek bidea asko erraztu didate. Hiria bera polita da, ikusteko gauza ugari ere badaude. Futbolean aritzeko leku ederra da.

Zein da taldearen helburua?

Nik uste dut talde ona daukagula, baina garbi dago aurreneko lauren artean sartzea ez dagoela erraza. Multzo nahiko gogorra da, talde garrantzitsu ugarirekin. Ferrolek lehen postuan ez du hutsik egiten, eta gero, hor daude atzetik Logroñes eta Santander. Gu saiatuko gara igoera fasea jokatzeko eskubidea ematen duten postu horietara heltzen, eta lortzen ez badugu ea aurreneko seietan bukatzen dugun, horrekin Kopa jokatuko dugu, eta hori ere klubarentzat garrantzitsua da.

Zaleek erantzuten al dute?

Bai. Burgos hiriburu bat da, eta nabaritzen da. Burgos CF Lehen Mailan egondako talde bat da, eta hori nabari da. Zaleek bultzatzen dute, eta komunikabideetan ere asko agertzen da, eskualdeko aurreneko taldea baita. Gero, taldearen egoerak ere zerikusia izaten du. Denboraldiaren amaiera aldera igoera fasean sartzeko moduan baldin bagaude, seguru erantzuna handiagoa izango dela. Azken batean, hirian ia denek jarraitzen dute kluba, eta denek amesten dute kluba gorago ikustearekin, aspaldian ez baitira Bigarren B Mailatik gora ibili.

Jadanik ohitu zara etxetik kanpo bizitzera?

Bai. Egia esan, Reala utzi nuenean eta Ponferradara joan behar nuela esan zidatenean, oso urduri jarri nintzen. Oso gaztea nintzen, eta aurreneko aldia zen etxetik kanpo bakarrik nindoala. Zaila egin zitzaidan lehen urtea, baina bigarrenean askoz ere gehiago gozatu nuen. Bigarren Mailan jokatu nuen, eta maila handia da hori.

Asko aldatzen dira gauzak Ponferraditik Burgosera?

Bai. Oso ezberdina da. Uste dut hara lehen aldiz joan nintzenean baino helduago naizela orain. Etxetik ere askoz ere gertuago dago Burgos. Nik uste dut gauza asko aldatzen direla ordutik. Eskarmentua ere handiagoa daukat, eta horrek ere laguntzen du gauzak lasaiago hartzerako garaian.

Bigarren eta Bigarren B mailen artean alde handia nabaritu al duzu?

Bai. Lehen ere Bigarren B Mailan jokatuta joan nintzen Bigarren Mailara jokatzera, eta ikusi nuen bien artean alde handia zela. Aurten ere gauza bera ari naiz ikusten, eta Bigarren B Mailan ere maila oso ona dago. Bigarren Maila oso gogorra da. Luzea da, taldeen artean ez dira alde handiak egoten, eta edozeinek edozeini irabazten dio, eta galdu ere bai. Dena dela, aurtengo gure multzoa oso gogorra da. Lehen esan bezala, talde oso onak daude, eta ustekabeak ere handiak ari dira ematen. Esaterako, Compostelak diru asko sartu zuen Bigarren Mailara igotzeko, eta jaitsierako postuan dago. Horrek berak gauza asko erakusten ditu.