GARA
ondarroa

Lea-Artibaiko udalek batera eskatu dute Iparragirre hurbiltzeko

Espainiar espetxeetako agintariek Ibon Iparragirre etxeratzeko eskaria bertan behera utzi dutela ikusirik, bere eskualdeko, Lea-Artibaiko, udalek «jarrera aktiboa» hartzea erabaki dute preso ondarroarraren egoera zailaren aurrean. Besteak beste, Iparragirrek sufritzen duen gaixotasun larriak eskatzen duen moduan etxeratzen ez duten bitartean, Euskal Herriko kartzelaren batera hurbiltzeko eskatuko dute.

Hain zuzen ere, Espetxeetako Zuzendaritzara eskutitz bat bidaliko dute Lea-Artibaiko udalek Ondarroako presoa «berehala» hurbildu dezatela exijitzeko, daukan eritasun larri eta sendaezina kontuan hartuta.

Adostutako gutun horretan, konfiantzazko medikuak artatu dezala ere eskatuko diote udalek Espetxeetako Zuzendaritzari.

Ekimen hauek EH Bilduk aurkeztutako mozio batean biltzen dira. Dagoeneko Ondarroa, Lekeitio, Berriatua, Etxebarria, Ziortza-Bolibar eta Mendexan onartu da, eta datozen egunetan beste udalerri batzuetan eztabaidatzea espero dute.

Egoera larriari erantzunez

Akordioak beste puntu bat ere jasotzen du. Honen arabera, eskualdeko zinegotziren batek presoa bisitatzeko asmoa badu, horretarako beharrezkoak diren tramiteak egiteko ardura hartuko dute udalek.

Hauek ez dira Lea-Artibaiko udalek gai honen inguruan bultzatu dituzten lehendabiziko ekintzak. Joan den urrian Iparragirreren egoeraren gaineko kezka azaldu zuten guztiek. Baina orain beste urrats bat egiteko ordua dela erabaki dute presoaren egoerak okerrera egin duela ikusita.