Lander GARRO
Idazlea

Martxoaren 8ak ahaztu dituenak

Telebistaz ikusi zintudan unean, apenas ezagutu zintudan. Izena zegoen ezezaguna zitzaidan nire arrebaren argazkiaren azpian, ezkutuko bizitza hartan balei ihes egiteko jantzitako itxura berritu derrigortu hartan. Bera zen, ordea. Bazkaltzen ari nintzen baina, zein zentzu ote zeukan jaten jarraitzeak? Bizitza bera esanahiz hustuta ageri zitzaidan. Telefonoa sutan jarri zen, denak ziren aieru txarrak eta galderak. Bidea ezagutzen genuen, bizitzak beste hainbatetan jarria zigun tranpa hura, baina, orduko hartan, haien eskuetan eroritakoa zeu zinela jakitean, bazen gauza bat ezberdina: zeure emakumetasuna. Eta hura, beste eroritako emakume guztiena bezala, erabili egingo zuten egiantz terriblea. Hori zen izu handiena sortzen zidana. Handik bost egunera, buzo zuriz jantzita jada kartzelan aurkitu zintudan, bidaia luzeegiaren azken geltoki desegoki hartan. Hantxe zeunden, guretzat emakume osoaren antzerkia antzeztuz. Baina gorputzean, begietan, antzematen nizun oraino haien eskuetan zeundela, oraino haien lizun inpunea pairatzen. Eta hantxe iraungo zenuela hilabete edo urte luzez, zulo hartatik kanpo eta zulo hartatik irten ezin. Gaur (herenegun), Martxoaren 8a zen, baina inor ez zen torturaren haginetatik pasatutako zientoka emakume xehatuez oroitu. Hona bada, zuretzat eta beste guztientzat gorazarrerik sentituena.