Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren itzulerak (II)

Musika taldeak sortzea ez da lan makala. Lehenbizi kideen harreman sozialaren mende geratuko da taldea, egundoko musika aniztasuna parez pare jarrita. Hainbat gustu, beste horrenbeste aburu. Afinitate-ardatzak biodibertsitatearekin uztartzea da ekintzarik garrantzitsuenetarikoa kideen artean azal dadin gutxieneko lotura. Afinitate bat bederen izan behar dute talde barruan aurrera segitzeko. Zerbaitek egingo du lokarri lana, guztia pikutara joan ez dadin. Musika estilo jakin bat, txikitako lagunak, gela bereko kideak, anaiak, lehengusuak, bikoteak. Hamaika izan daitezke afinitatearen arrazoi.

Egunerokotasunak tentsio larriak eragin ditzake, baina, batez ere, poztasunak gailendu behar du. Kantu eta letren zirriborroen autoretzaren arazoak gainditu beharko dituzte. Pertsonalismoak eta lidergoak jasan. Musikari askok dio batzarrean hartu ohi dituztela erabakiak, beste batzuek ez dagoela demokraziarik talde barruan, egile eta interpretatzaileen sestrak. Furgonetan ordu etengabeetako solasaldiek errietara eraman dezakete. Zergatik desegin, ordea, taldea? Denborak ez du ezer egiten, denboran zehar gertatzen diren ekintzek dute paregabeko ardura. Behin erabakita taldea uztea, agur-kontzertua prestatu edo isileko agurrean joan.

Baita zuzeneko agurrak grabatu eta kaleratu ere, baina handik gutxira, adibideak ez dira asko, taldekideren batek taldearen hilotzari edabe magikoa eman eta taldea berpiztu egin dezake, muzin eginda jatorrizko taldekideen erabakiari. Itzulera desenkusatuak?