GARA
RIGA

Letoniak eta Estoniak hesiak eraikiko dituzte Errusiako mugan

Europar Batasunak errefuxiatuen krisiari nola erantzun ez dakiela, hesi gehiago eraikitzeko asmoa dute Letoniak eta Estoniak, Baltiko itsasoko bi herrialdeek Errusiarekin duten mugan. Agintariek adierazi dute asmo hori egungo krisia hasi baino lehenagokoa dela.

Teorian, Baltikoko herrialdee tako segurtasuna indartzeko eraikiko dituzte hesiak, baina Errusiatik barrena Schengen eremura sartu nahi duten errefuxiatuei eta migratzaileei eusteko ere balioko dute. Edonola ere, bi herrialdeetako agintariek nabarmentzen dute muga indartzeko neurriak egungo errefuxiatuen krisia lehertu baino lehenago diseinatu zituztela.

Letoniak Errusiarekin duen mugak 276 kilometroko luzera du eta horietako 92tan eraikiko dute itxitura, landaredi itxia, basoak eta zingirak nagusi diren lekuetan. Horretarako 12 metroko zabalerako eremua garbituko dute. Hesiak 2,7 metroko altuera izango du, Estatu espainolak Marokoko mugan eraiki dituenek baino askoz ere gutxiago. Rigako agintariek diote eremu horietan oso zaila izaten dela zaintza patruilak egitea, eta horregatik erabiltzen dituztela bi aldeetako kontrabandistek legez kontra muga zeharkatzeko.

Daiga Holma Letoniako Barne Ministerioko eledunak esan du muga indartzeko neurriak ez dituela eragin Europako hegoaldean ez aurrera ez atzera geratu diren errefuxiatuen inguruko kezkak. Balkanetako bidea itxita dagoela-eta, iheslari horiek Europar Batasunera iristeko Errusiatik barrena doan ibilbidea aukeratu dezakete. Hori gertatuko balitz, 21 milioi euroko aurrekontua duen itxitura berriak pertsona horien zaintza erraztuko luke, Holmaren arabera.

Hesia eraiki aurretik egin beharreko garbiketa lanak iaz hasi zituzten, Errusiako agintariekin mugaren ibilbidea behin betiko adostu ondoren. Aurten 24 kilometro zutituko dituzte (1,8 milioi euroko aurrekontua). Hesia eraikitzeaz gain, muga zaindu behar duten agenteentzat bideak hobetuko dituzte.

Estoniak ez dauka hain aurreratuta proiektua. Bi herrialdeen arteko muga nondik nora doan oraindik adostu gabe daukate. Bertako hedabideen arabera, Estoniako proiektua Errusiak egin dezakeen eraso baten hipotesiarekin lotuta dago, baina eraikiko diren instalazioak ez dira eraso militar bati eusteko modukoak.

Letoniara Errusiatik sartzen diren pertsona gehienak vietnamdarrak dira gaur egun. Normalean Lituania zeharkatzen dute ondoren (bidean harrapatu ezean), Poloniara iritsi aurretik.

Kemalistak, errefuxiatuak hartzearen aurka

Turkiako CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak (oposizioan dagoen zentro-ezkerreko formazio kemalista, Kemal Ataturken jarraitzaileena) salatu egin du Erdoganen Gobernuak eta Europar Batasunak errefuxiatuen inguruan adostu duten akordioa.

Horren arabera, Ankarak 6.000 milioi euro jasoko ditu Greziako uharteetara iristen diren iheslariak bere lurraldean hartzearen truke. Kemal Kiliçdaroglu alderdiko buruak “Hurriyet” egunkariari esan dio diru hori hartu eta errefuxiatuak onartu beharrean, Turkiak kopuru bera eman beharko liokeela Bruselari, Europak migratzaile guztiak har ditzan: «Beraiek har ditzatela siriar, afganiar eta pakistandar guztiak».

Turkiako oposizioburuaren ustez, ez da egokia EBk errefuxiatu batzuk hartzea (Turkiara itzularazten duen kopuru bera, sinatutakoaren arabera), gauzak horrela eginez gero europarrek profesionalik onenak aukeratuko baitituzte, formakuntzarik onena dutenak, gainerakoak Turkiarentzat uzteko.GARA