GARA
DONOSTIA

Ohitura osasungarrien aldeko Gosasun taldeak 174 kide ditu jada

Denera 174 erakunde daude Gosasun bizi ohitura osasungarriak sustatzen dituen mugimenduan. Elikadura, jarduera fisikoa eta osasun emozionala dituzte ardatz.

Taldea Innobasqueren ekimenez sortu zen 2011n. Hone n arabera, bizi ohitura osasungarrien bidez gaitz kardiobaskularrak %80 murriztu daitezke. Innobasqueko zuzendari nagusia den Txema Villatek esan zuenez, «bizitza osasuntsua izateko, norberaren borondateaz gain, ezinbestekoa da ingurune lagungarriak izatea».

Horregatik, taldea horretarako baliabideak jartzen saiatzen da. Izan ere, osatzen duten 174 erakundeek ohitura osasungarriak sustatzeko 128 jarduera prestatu dituzte. Horietako batzuk aurkeztu zituzten atzo.

Adibidez, Eroskik 1.170 ikastetxetako 130.000 haur baino gehiagorekin “Hazteko energia” programa antolatu du, non elikadura eta ohitura osasungarriak hezkuntza programan gehitu diren.

Projekta Urbesek, aldiz, Hiribiltzen proiektua aurkeztu du, Donostia 2016ren barruan. Helburua da apiriletik ekainera, 84 egunetan, munduari bira ematea, hiritik irten gabe. Hau da, Donostian bikoteka edo taldean ibiliz, munduaren zirkunferentziak neurtzen duen beste kilometro egitea. Erronka kolektiboa izango da, beraz.

Bestalde, Gosasunek janari makina osasungarriagoak jartzea lortu du. Ondo egiteko, gomendioak biltzen dituen gida liburua atera dute.