Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Kafka eta Melvilleren itzulpen banarekin abiatu du Ereinek 4nak sail berria

Erein argitaletxeak «mendebaldeko literaturan ezinbestekoak» diren irakurgaiez osatuko den 4nak sail berria aurkeztu du. Saila hamasei-hemezortzi urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta aipatu tituluak euskaraz eta eleberri laburren formatuan ematea da argitaletxearen asmoa. Lehen bi aleak Franz Kafkaren «Metamorfosia» eta Herman Melvilleren «Bartleby eskribatzailea» dira, eta Anton Garikanok eta Juan Garzia Garmendiak itzulita datoz.

Erein argitaletxeak mendebaldeko literaturan «ezinbestekoak» diren bi irakurgairekin ireki du 4nak sail berria: Franz Kafkaren “Metamorfosia” eta Herman Melvilleren “Bartleby eskribatzailea”. Literaturan giltzarri izan diren zenbait obraren euskarazko itzulpenak emango ditu Ereinek sail berri honen barnean; «liburu labur baina eraginkorrak, mendebaldeko literatura mugitu dutenak», azaldu zuen Inaxio Mujika editoreak. Sailaren hartzaileak 16-18 urteko gazteak, Batxilergoko ikasleak, izango direla gaineratu zuen Mujikak, baina «itzulpen zaindu eta erakargarri» horiek «edonorentzat» ere izango daitezkeela nabarmendu zuen.

Kafkaren “Metamorfosia” Anton Garikanok itzuli du. Autore txekiarraren obra hau euskarara birritan itzuli bada ere –lehen aldiz Xabier Kintanak itzuli zuen, 1970ean–, itzulpena zuzenean bertsio alemanetik egiten den lehen aldia dela nabarmendu zuen Mujikak. Bere aldetik, Garikanok Ereinen sail berri honetako lehen bi itzulpenen arteko puntu amankomunak aipatu zituen. Azaldu zuenez, Melvilleren “Bartleby eskribatzailea” eleberria gerora existentzialismoa deituko zitzaionaren aitzindari izan zen eta “Metamorfosia”-k «obra horren elementu asko ditu. Bietan mundu absurdo bat agertzen zaigu, inpertsonala, non sentimenduek ez duten inporta eta garrantzia produkzioari ematen zaion». Bi eleberrietako pertsonaiak, Kafkaren eleberriaren kasuan zomorro bilakatzen den Gregor Samsa eta Melvilleren kasuan «lantokitik atera ezin duen» Bartleby, «isolatuta, ez aurrera eta ez atzera egiten ez dutela» bizi direla azaldu zuen Garikanok eta, azkenean, «euren burua abandonatu» egiten dutela zehaztu zuen. «Kafkak muturreko egoerara eramaten du pertsonaia. Errealitatea hautsi eta ezintasunak, lotsak, beldurrak agerrarazi eta horietara ematen gaitu», nabarmendu zuen.

“Bartleby eskribatzailea” orain 25 urte itzuli zuen estreinakoz Juan Garzia Garmendiak eta, orain ere, bere sinadura darama itzulpen «itxuraldatu, zuzendu eta landu» honek, Mujikak zehaztu zuenez. Garikanok bi eleberriak batzen dituena azaldu bezala, Garzia Garmendiak bien arteko kontrakotasunei heldu zien; hala, “Metamorfosia” protagonistaren ikuspegitik kontatua dagoela eta, aldiz, “Bartleby eskribatzailea”-n kontakizuna «protagonista interpretatu nahi duenaren» ikuspegitik kontatua datorrela zehaztu zuen: «Absurdoaren barruan zentzua bilatzeko nahia da. Kafkarenean, zomorro garela asumitzean dago gakoa».

Bi eleberrien kasuan, irakurtzen den aldiro interpretazio berrietarako abagunea zabaltzen dela nabarmendu zuen Garzia Garmendiak, eta biak ala biak «nobela laburren ordezkari zoragarriak» direla azpimarratu zuen, «behin irakurri eta gero hor geratzen direlako; hor geratzen dira, baina berriz datozen bakoitzean beste istorio bat ikusiko du irakurleak, uneko ikuspegiaren arabera».

Azkenik, Ereinen sail berriko hirugarren alea «seguruenik» Albert Camusen “Arrotza” eleberria izango dela iragarri zuen Mujikak. «Kafka eta Bartleby bere aurrekarien artean aipatzen zituen; lokarri batekin datoz hirurak», zehaztu zuen. Amaitzeko, mundua «bitan» banatua dagoela nabarmendu zuen, «Kafka eta Melville irakurri ez dituztenak eta irakurri dituztenak. Beraz, norberak hauta dezala non kokatu nahi duen».