GARA
BILBO

San Mameseko Herri Unibertsitateko 41 ikasleak kaleratu ditu Ertzaintzak

Bilboko Herri Unibertsitatearen ekimenari jarraituz, San Mameseko Ingeniaritza fakultatean itxialdia egiten ari ziren atzo 41 ikasle. Fakultateko zuzendariak abisua emanda, poliziak kaleratu egin zituen. Ikasleek eta LAB sindikatuak gertaera hau salatu dute.

San Mamesen dagoen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan Ertzaintza sartu zen astelehen gauean eta bertan lo egiteko prestatzen ari ziren 41 ikasleak kaleratu egin zituen. Itxialdia egin behar zuten astelehenean hasi eta gaur arte iraungo duen Bilboko Herri Unibertsitateen egitarauari jarraituz, baina fakultateko zuzendariak poliziari deitu zion.

22.00etan izan zuten ikasleek horren berri. Ertzainak barruraino sartu ziren eta ikasleek uko egin zioten beren kabuz altxatu eta zentrotik ateratzeari, beraz, polizia gehiago sartu ziren eta banan-banan ikasleak ateratzen hasi ziren. Ikasleak Sarrikoko eta Leioako campusetara joan ziren egitasmoarekin jarraitzeko asmoz.

Ingeniaritzako ikasleek Topatu.eus atariari azaldu ziotenez, EHUko errektoretzak ez du begi txarrez ikusten Herri Unibertsitatea, baina San Mameseko fakultateko zuzendaritzak debekatu egin zuen.

«Gertaera onartezina»

«Gertaera horren aurrean tinko erantzun behar dugu, hezkuntzaren gain erabaki eta eragiteko gure eskubidea ikasle antolatuok baino ezin dugulako bermatu kapitalaren mesederako unibertsitate honetan», adierazi zuten ikasleek.

LAB sindikatuak ere salatu egin zuen Ertzaintza Ingeniaritza eskolan sartu izana. «Gertaera hau onartezina da eta argi izan behar du errektoreak, jakin badakienean beste hainbat ikastetxetan arazorik gabe garatzen ari den ekimena dela, Ertzaintzaren presentziarik gabe», esan zuten ohar baten bidez. Hala, EHUko Idazkari Orokorrarekin harremanetan jarri ziren Bilboko Herri Unibertsitatearen barruan gertatutakoa errepikatu ez dadin exijitzeko.