GARA
DONOSTIA

Sortzen-ek murgiltze eredua bultzatzeko eskatu du, euskara gaitasuna bermatzeko

Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuak Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzak aurkeztu zituen astelehenean Legebiltzarrean. 2015ean Lehen Hezkuntzako laugarren mailako eta DBHko bigarreneko ikasleei egindako azterketak erakusten du euskara mailak behera egin duela 2013tik. Uriartek zehaztu zuen jaitsiera ez dela «adierazgarria» baina aitortu zuen beharrezkoa dela «hobetzeko» neurriak hartzea.

D ereduak ez duela gaitasun linguistikoa bermatzen erantsi zuen. Bere ustez, «euskara eta konpetentziak nola irakasten ari diren behatu behar da».

Honekin guztiarekin lotuta, hezkuntza sistema hobetzeko plana aurkeztu berri du Lakuako Hezkuntza Sailak. Eskoletara bidalitako agirian 2020ra arteko neurriak jasotzen dira. Adibidez, LH eta DBH bukatzean ebaluazio azterketak egin nahi dizkie ikasleei. Azaldu duenez, diagnostikoa egitea da asmoa eta, teorian behintzat, ez dute haur eta gaztetxoen espedientean eragingo.

Sortzen-ek «lotsagarria» hitzarekin laburbildu du planaren inguruko irakurketa. Adierazi du diagnostikoaren emaitza larriak ez direla berriak eta aspaldi jarri ziotela euskalgintzak eta hezkuntza komunitateak arazoa mahai gainean Lakuari.

Adabakirik ez, ardura baizik

Lomceren inguruan Wertekin hitzarmena sinatu izana ere «lotsagarria eta arduragabea» dela deritzo Sortzen-ek. Besteak beste, ereduen sistema betikotu eta sabai bezala ezartzen duela salatu du. Heziberri dekretuetan ere sistema gainditzeko bitartekorik planteatu ez izana gaitzetsi du euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteak.

Bestalde, “Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen” proiektua aintzat hartu ez izana eta, «testuinguru sozioekonomiko zailetan bitartekorik ez emanez», ikastetxeak «bakarrik utzi» izana leporatu dio Uriarteri.

2009an egiten hasi zen diagnostikoekin zer hobetu duen galdetu, eta «behingoz arduraz jokatzeko» exijitu dio Sortzenek, «adabakiak jartzeari» utzita. «Ereduen sistema gainditu eta murgiltze ereduen aldeko apustua» egiteko eskatu dio.

Bere aldetik, ELAk «oso larritzat» jo du euskara mailaren jaitsiera. Inbertsio eskasarekin eta murrizketekin lotu du.