GARA
ALTZUZA

Balenciaga, Lekuona eta Oteizaren obra ikusgai Altzuzan

Jorge Oteizak, Narkis Balenciagak eta Nikolas Lekuonak 1930eko hamarkadan elkar hartu zuten, lengoaia plastikoen berrikuntzan partaidetza aktiboa izateko eta arteen berpizkunde belaunaldian murgiltzeko. Orain, Oteiza Museoak erakusketa batean bateratu ditu.

“Oteiza, Lekuona, Balenciaga. Berpizkunde osatugabea, 1930-1936” erakusketa-proiektuak aztertu eta berrikusi egiten du Jorge Oteiza (1908-2003), Narkis Balenciaga (1905-1935) eta Nikolas Lekuonaren (1913-1937) obra, hiru autoreak Euskal Herrian, Errepublika garaian, bat egin eta «balio plastikoak berritzearen alde gogotsu aritu ziren epe batean» egindako lana: «Garai hartan oso bizia zen mundu berritu batean mentalitate berri bat sortzeko grina zuten», azaldu dute Jorge Oteiza museokoek.

Garai hartan, «kultura primitiboak aztertzeko ideiak» elkartu zituen autoreak, «kolonaurrekoekin hasi nahi baitzuten, euskal arteari aplikatzeko moduko berpizkunde artistikoen teoria bat prestatzeko». Helburu horiek gogoan, Oteizak eta Balenciagak Latinoamerikarako bidaia bat proiektatu zuten, eta horretan abiatu ziren 1935eko urtarrilaren 5ean. Bidaia iniziatiko horretan hirurak ez bazeuden ere –Lekuona ez zen azkenean abiatu–, erakusketa bat egin zuten aurrez elkarrekin irailean, Donostiako Gran Kursaal haren etxabeetan: hura izan zen «esperimentazio eta jakintza gose ziren hiru autore gazte hauen obraren aurkezpena».

Oteiza Museoan maiatzaren 8ra arte ikusgai egongo den erakusketa-proiektu honek museoaren zuzendari Gregorio Diaz Ereño du komisario, eta artista hauek «mende hasierako nazioarteko abangoardia artistikoen irakaskuntzak beren obran txertatzeko zuten borondatea» erakusten du, hirurogei pintura, eskultura eta marrazkiren zein Oteiza Museoko artxibotik datorren jatorrizko dokumentazio ugariren bidez. Erakusketaren osagarri, argitalpen monografiko bat izango da.

Autoreak

Museoko arduradunek azaldu dutenez, Lekuonaren obra bere garaiko lengoaia esperimentalenen proiekzio bat da, eta surrealismora hurbiltzen da, «kubismoarena eta futurismoarena den espazioaren tratamendua modu berezian uztartuz». Pintura metafisikoarekiko lotura-elementuak ere aurki daitezke haren obran.

Oteizak, bere aldetik, «figurazio espresionista nahiko eklektikoa» landu zuen urte horietan, Alberto Sanchezen «eragin garbiz bere forma bertikaletan», baina Brancussi, Epstein, Tsaplin eta Derain-en ukituak ere bazituen. «Oteizarentzat artea sekula ez zen helmuga izan, baizik eta ‘proiektu pertsonal eta kolektibo bat gauzatzeko tresna’ izango zen praktika bat. Eta zuen nortasunak aukera eman zion XX. mendeko teoria artistikoan funtsezko gertatuko zen pentsamendua eraikitzeko», azaldu dute. Lekuona eta Balenciagaren kasuan, aldiz, «goiz iritsi zitzaien heriotzak zapuztu zuen aukera hori».

Azkenik, Balenciagaren obraren «eklektizismoak pinturaren esparruan egingo zituen pausoak bultzatuko zituen interes eta eragin sorta zabala» erakusten du. Oteizak, 1935eko apirilean Buenos Airesen egin zuen erakusketaz idatzi zuen artikuluan, hau zioela gogoratu dute museotik: «Argiaren bilaketa inpresionista izan daiteke. Argiaren atzematea bolumen atzematea baita, tonu-adierazpen askotarikoena da; kolore festa gure paisaiaren intimotasunean eta topaketa pertsonala –eta zeinua– gure berpizkundearen batasun eta garbitasunean». Balenciaga «abangoardiek bultzatutako arte berriaren ideiaren babesle sutsua izan zen, horren arabera arte-praktika ezinbesteko baldintza baitzen gizarte berriak eraikitzeko».

Erakusketaz gain, bestelako ekintzak ere antolatu ditu museoak. Martxoaren 29 eta 31n, eta apirilaren 1ean, “Lagunen arteko bidaia. Oteiza, Balenciaga eta Lekuona” haur lantegia izango da eta museoko zuzendariaren eskutik bisitaldi gidatuak ere izango dira: apirilaren 16an eta maiatzaren 7an, biak larunbatarekin, 12.00etan.