Asier AIESTARAN

Kale edo bale, Albisurekin

Eskuak osatuta ditu ataundarrak eta prest da igandean bikote bat finaletik at utziko duen demarako.

Hasiera bikaina, jarraipena ez horrenbeste Artola-Albisuren kasuan, azken orduko komeriak, finalerdiei hasiera motela... Luze joan da haien ibilbidea Binakako Txapelketan, baina argi esan daiteke Martinez de Irujo-Rezustak eta Artola-Albisuk kale edo bale egin beharko dutela igandean Eibarko Astelena pilotalekuan finalean egoteko aukerak izan nahi badituzte.

Eta bai, behin zalantza guztiak uxatuta, Jon Ander Albisu ere kantxan izango da, aurreko partida jokatu ezinik utzi zuen eskuko mina gaindituta. «Jokatzeko moduan nago. Astelehenean egin nuen proba nahiko gustura amaitu nuen, nahiz eta oraindik min punturen bat baneukan, eta gaur jada minik ez dut nabaritu. Beldur apur bat beti edukitzen da, baina prest nago», azaldu zuen atzelari ataundarrak material aukeraketaren ostean.

Arazo fisikoak ahaztuta, beraz, norgehiagokari heldu beharra dago, eta horretarako helduleku bat du bikote gipuzkoarrak: lehen ligaxkako azken jardunaldian Iruñean, orain bi aste, Irujo eta Rezustaren aurka jokatu zuten partida, 22-21 galdu zutena. «Hitz egin dugu neurketaz, nola jokatzea komeni zaigun, partida hura oinarri hartuta. Orduan ikusi genuen gai garela bikote honi aurre egiteko eta horri heldu behar diogu», onartu zuen Iñaki Artola alegiarrak.

Baina ezin da ahaztu neurketa hartan Irujok eta Rezustak ez zutela sailkapenari begira ezertxo ere jokoan, eta igande honetan berriz orain arteko lan guztia ipiniko dela ezbaian. «Gure esku dago finalera heltzea, hori da alde ona: falta diren bi partidak irabazita barruan gara. Baina ez dugu aurrera begiratu nahi, lehenengoa nahitaez irabazi beharra daukagulako», aipatu zuen Irujok baikor.

Beñat Rezustak, bere aldetik, aurkariei piloteoan gailentzea «ezinbestekoa» izango dela gaineratu zuen; «bestela badakigu Artolak tantoa amaitzeko duen gaitasuna, haien aurka jokatu genuen azken partidan ederki ikusi genuen».

Promozioko finalerdia eta Altuna III.aren itzulera

Gorka-Tolosa eta Arteaga-Imaz nor baino nor neurtuko dira gaur Beotibar pilotalekuan Promozio Mailako Binakako Txapelketaren lehen finalerdian (jaialdia 19.30ean hasiko da). Lehiaketa apala izan da aurtengoa, enpresen murrizketak eta lesioak tarteko, baina behin azken txanpara helduta, pilotarientzat oso hitzordu garrantzitsua izango da. Ligaxkako neurketan, Asier Arteagak eta Ander Imazek 12-22 irabazi zuten. Aurreneko partidan, Jokin Altuna berragertuko da eskumuturra osatu ostean. A.A.