Kanpalekua, kanposantua
Kanpaleku mota asko daude. Kanpalekuak airetik berdintzen dituztenak kanpadendak izan daitezke, izatekotan. Eta lurretik desberdintzen dituztenak, dudarik gabe, dendotan direnak dira, pertsonak; eta, zeresanik ez, pertsonok hara bultzatutako arrazoiak. Hau kolpea! Pertsonon arropa etiketako edukietan total desberdina izan arren, arrazoiak arrazoi, denak dira garapen bideko esaten zaien herrialderen batean eginak. Kolpea hau ere, herrialde batzuei garatu gabeko esatea, gainerakoak garatu bailiran!
Tira, harira! Kanpadenda batean kanpinari egon zaitezke lagunartean, erreka baztertxoan gozatuz, janariaz lepo, edariaz ere, noizbait gaua izarpean gustura emanda... Alpinista ere egon zaitezke, mendi-hormen beheko kanpo-basean, presarik gabe eguraldiaren onaren zain, hotza zure modura gozatuz… Baina badira ere kanpadendan luze egotera behartuak izan direnak, oihal-etxolak ere denda hartuta, biharkoaren beldurrezko esperoan, eguraldia ezin gozatuz, are gutxiago erreka edo mendia, kanpadenda kanposantu hartuta, pailazorik gabeko ume zelaiak… Ganaduak arreta gehiago izaten du mundu mailako ferietan! Eta akzioek askoz gehiago, burtsetan!
Garapen jasangarria omen, batzuk ustez garatzera eramateko beste batzuk zinez jasatera zigortzen duen hori. Nazka. Zenbat gara? lau, bat, hiru, bost, zazpi …? Europaz nabil. Argi daukat, inoizko argien, Europa inoiz soziala izango bada gaurko Europa politikotik atera beharko dela, aldez edo moldez; aldez gehiago, moldez baino. «Uexit!» Orduan kanpadendak paisaiak gozatzeko baino ez dira izango, sorterritik ateratzeko kausak izan arren handik ihes egiteko motiborik izango ez dela. Horretan ari nintzela, buelta eman eta ohetik jausi naiz gaur gauez, eta esnatu ere…

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
