GARA
ATENAS

Errefuxiatuen jarioa eten ezinik dabil Europar Batasuna

Herritar askok eta makina bat erakundek salatutako Turkiaren eta Europar Batasunaren arteko akordioak ez du errefuxiatuen jarioa etetea lortu lehen egunetan. SOMP iheslarien krisia kudeatzeko Greziako zentroak atzo argitaratutako datuen arabera, akordioa abian jarri zen larunbat gauerdiaz geroztik 1.662 lagun iritsi dira Egeo ekialdeko uharteetara. Gehienak, 830, Kiosera ailegatu dira eta beste 698, Lesbosera. Guztira, 50.411 iheslari daude Grezian.

Tsiprasen Gobernua ekialdeko uharteak husten hasi zen joan den larunbatean, bertako instalazioak Turkiara itzularaziko dituzten errefuxiatuak hartzeko prest uzteko. Baina gerratik ihes egin beharrak neurri horiek baino indar gehiago dauka eta errefuxiatuen uholdeak ez du etenik. Gainera, Greziak ez ditu oraindik akordioa betetzeko beharrezko diren baliabideak eta, esaterako, ibilgailuen gabezia nabaria da. Ondorioz, 5.538 etorkin eta iheslari daude ekialdeko uharteetan.

Giorgos Kyritsis SOMP zentroko eledunak onartzen du horrenbeste pertsona herrialdera iristeak arazoak eragiten dituela, baina akordioa sinatu duten agintarien benetako asmoaren inguruko kezkak ere adierazi ditu greziarrak, agindutako laguntzarik gabe jarraitzen baitute.

Europako Batzordeak egin dituen kalkuluen arabera, Greziak Frontex mugak zaintzeko agentzia bezalako erakundeetako 4.000 agente inguru behar ditu adostutakoa betetzeko, baina oraindik ez da inor bertara iritsi, Marios Andriotis Lesboseko Udaleko eledunak Efe agentziari atzo esan zionez.

Hori bai, Kiosen daude dagoeneko Turkiako Gobernuak bidali dituen sei poliziak. Akordioa nola betetzen den ikuskatzeko bidali ditu Ankarako Gobernuak. Beste hemeretzi bidaliko ditu aurki beste uharteetara. Aldi berean, Greziako bost agente daude Turkian, tankerako lana egiteko aginduarekin.

Andriotisek jakinarazi du EBren eta Turkiaren arteko akordioa nola bete behar duten ez diela inork esplikatu: «Argibideen zain gaude. 7.000 pertsona inguru hartzeko tokia prestatzeko esan ziguten, eta horrela egin dugu». Europa osoko herritar askok kalean salatu duten akordioak harrera zentroak atxilotze zentro bihurtzen ditu, eta horrek instalazio horietan egokitze lanak egitea eskatzen du, Andriotisen arabera.

Kyritsisek azaldu duenez, larunbat gauerdia baino lehen iritsitako lagunak aske daude, eta igandeaz geroztik ailegatutakoak «zaintzapean eta babestuta» dauzkate. Lesbos uharteko Poliziak eman dituen datuen arabera, bertan 1.000 errefuxiatu dituzte «zaintzapean», igandean edo atzo iritsi zirelako.

Atenasek dio lehenbailehen bidali behar direla Greziako uharteetara poliziak eta asilo politikoa tramitatzeko funtzionarioak, «egungo egoerak premiazko erantzuna behar du-eta». Parisek eta Berlinek 600 agente agindu dituzte, eta Bukarestek beste 70. Horien hedatzearen araberakoa izango da lehen kanporatzeen eguna. Itsasontziz eramango dituzte Turkiara.

Hori bai, errefuxiatu batzuen segurtasuna ez dago bermatuta Turkian, kurduekin gertatzen den moduan, eta kasu horietan ez dituzte kanporatuko, SOMP zentroko eledunaren arabera.

Guztira, 50.411 «etorkin eta iheslari» daude Grezian une honetan. Idomeniko kanpalekua (Mazedoniako mugan) pertsona gehien hartzen dituen tokia da: 13.250 –inguruko kanpaleku, zentro eta ostatuetan dauden errefuxiatuak ez dituzte zenbatu–. Pireoko portua beste puntu kritiko bat da, 5.132 errefuxiatu pilatu baitira bertan.