Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Zomorroen kluba», nerabeen autoestimua landu eta konplexuak alboratzeko deiadarra

Batxilergoko ikasleek «adin zail horretan» bizi izaten dituzten aldaketek autoestimuan eragin eta konplexuak indar ditzaketela sinetsita eta egoera horri arnasa apur bat emateko grinaz eraiki du Laida Martinez Navarrok “Zomorroen kluba” (Erein, 2016) eleberria.

Nerabeen arteko gatazkak, irakasleekin eraikitzen diren zubien nolakotasuna eta gurasoekin izaten dituzten harremanak landu ditu idazle bilbotarrak, protagonistatzat Teresa, 13 urteko neskatila hartuta: «Txikia eta beltzarana denez Labezomorro esaten diote eskolan. Bi lagun ditu, are txikiagoa delako Inurrierdi deitzen dioten Alizia eta hanka eta beso argal eta luzeak dituelako Armiarma esaten dioten Paula. Hirurek osatuko dute ‘Zomorroen kluba’. Ez dira neska arrakastatsuak eta nahiko tuntunak izan arren glamourra omen duten nesken aldetik erasoak jasoko dituzte», azaldu zuen liburuaren aurkezpenean Martinezek.

Hala, segurtasun falta, eskola jazarpena, adiskidetasuna eta familiarekiko harremana landu ditu, kronika formatuan eta umorea erabiliz: «Gai labainkorrak dira, tratatzen zailak, eta umoretik heldu nahi nion. Gainera, eleberri bati umore ukitua ematen badiozu, gusturago irakurtzen dute», ziurtatu zuen.

Esaterako, neska kuadrilla «glamourduna» klubeko kideak lotsagarri uzten ahaleginduko da, «baina zenbaitetan gauzak alderantziz atera eta beraiek izango dira benetan lotsagarri geratzen direnak», nabarmendu zuen idazle bilbotarrak.

Eskola jazarpena

Eleberrian eskola jazarpenaren gaiari heltzen dio bilbotarrak. «Kontu handiz egiten ahalegindu naiz, gai serioa delako. Zenbaitetan bizitza beltz ikusiko du Teresak, bizi dituen egoerek markatu egingo dute, baina ingurukoen babesa izango du, kasu hauetan hori baita garrantzizkoena».

Klubeko lagunen eta eskolako irakasleen babesa badu ere, ama izango da Teresaren zutoin nagusia: «Txikia da eta horretan bakarrik jartzen du arreta; autoestimua landu beharra du. Topikoa bada ere, amak edertasuna gure jarrera eta jokabideetan, gure barnean dagoela errepikatuko dio eta, garrantzizkoena dena, beti izango du alboan».

“Zomorroen kluba” jatorriz euskaraz idatzi badu ere, Martinezek gaztelaniazko bertsioa osatu eta 2014. urtean Malagako Haur Literatura saria eskuratu zuen. «Oso pozik nago orain euskaraz argitaratzeko aukera eman didatelako», ziurtatu zuen.