Jon ORMAZABAL
afizionatuak

25 urte, Xabier Goñik jorratutako bidean aurrera

Bi finalen artean, urte hauetan parte hartu duten pilotari, pilotazale eta epaileen lana omenduko da.

Oso ezaguna ez izanagatik, Xabier Goñirena pilotaren historiako pasarte tragikoenetako bat da. Amateur mailan nabarmendu ostean, kostata izan arren, profesionaletara jauzi egin zuen, baina 28 urterekin, Lanzaroteko hondartza batean eztei bidaian zegoela, itota hil zen, 1990ko azaroaren 14an. Besteren artean, Zumarragako gazteei pilotan erakustea zuen pasio Goñi I.ak eta bide hori jorratuz, afizionatu mailako txapelketa bat antolatu zuten herritarrek, familiak eta inguruko pilotazaleek haren omenaldi gisa.

1992ra arte Zumarragak ganorazko pilotalekurik izan ez zuenez, Goñiren omenezko lehen jaialdia Urretxuko Ederrena zaharrean egin zen, garaiko puntako afizionatuekin eta Iñaxio Errandonea eta Martin Alustiza bezalako profesionalekin. Bigarren edizioan, jadanik Zumarragako Beloki pilotalekuan, txapelketa forma hartu zuen Goñiren omenezkoak, eta azken 25 urteetan, gerora profesionalak izan diren hamaika pilotari pasatu dira bertatik: Olaizola anaiak, Martinez de Irujo, Barriola, Ezkurdia, Begino, Peñagarikano eta iazko txapeldun izan zen Ander Imaz, besteak beste. Bereziki gogoan dute Beloki Kirol Elkartean lanean dihardutenek orain bi urteko finala, bertan izan ziren laurak, Altuna-Urruzola eta Artola-Erostarbe, profesionalak baitira gaur egun. Horietariko asko Zumarragan izango dira gaur, finalen artean izango den omenaldian. Hala, 25 urte hauetan herriko pilotazaleek, epaileek eta pilotariek egindako lana eskertuko da ekitaldi xume baten bidez.

Partida erakargarriak

Kirol ikuspegitik, bi final erakargarri geratu dira azken sei asteetan izandako lehiaketan. Lau eta erdikoan, Zubizarreta eta Salaberria promesek, fisikoki ez ezik, teknikoki ere pilotari handiak direla erakutsi dute.

Binaka, seniorretan, Urbieta-Erasunek oso bikote arriskutsua osatzen dute, baina Errandoneak asmatzen badu, Gorrotxategi ere une oso gozoan dago.