Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Miserian berdinak izateko eskubidea

Gobernu espainolak EAEko Etxebizitza Legeari helegitea jarri izana «autogobernuaren aurkako erasoa» da, Lakuaren ustez; Madrilen ustez –eta hauxe da eragin praktikoa izango duen ustea–, berriz, lege horrek Estatuaren eskumenak urratzen ditu, Gobernu espainolari baitagokio «eskubideak erabiltzean eta betebehar konstituzionalak betetzean espainiar guztien berdintasuna bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzea».

Ni ere berdintasunaren aldekoa naiz, baita euskaldunen eta espainiarren –eta samien– artekoaren aldekoa ere. Eta Gasteizko Legebiltzarrak onartutako Etxebizitza Legea arazo larri bat arintzeko tresna izanda, Espainian ere indarrean jartzea bazutela pentsatu nuen nik; oker, baina. Izan ere, «espainiar guztiak» berdinak izateko, hemen uko egin behar diogu etxebizitza duina izateko eskubideari. Rajoyren Gobernuak baino argiago azaltzen zuen atzo erreportaje batean Iñaki Iriondok, labur: delako «espainiar guztien berdintasuna», kasu honetan, bankuen interesak dira.

Erreportajea irakurtzean, joan den ostiralean, “Alea” aldizkarian irakurri nuen elkarrizketa bat gogoratu zitzaidan, Juan Ugarte SEA Arabako enpresarien elkarteko idazkari nagusiari egindakoa, hain zuzen. Haren arabera, krisialdian langileen baldintzek ez dute okerrera egin: «Ez da egia». Gezurra da, beraz, nik ezagutzen ditudan langile gehienek sumatu dutena. Ugartek, bide batez, argi utzi zuen kaltegarria dela Administrazioan 35 orduko lanaldia ezartzea; sektore publikoko langileen eta pribatukoen artean ezin dela horren alde handia egon.

Ados, pentsatu nuen nik, atzera oker. Uste nuen langileen arteko desberdintasun horiek txikitzeko, baldintza kaskarrenak dituzten langileak baldintza hobeak dituztenekin parekatzeko neurriak hartu beharra dagoela. Berdintasun espainiar hori besterik da, ordea. Etxebizitza eskubidearen aldean bankuen eskubideak lehenesten dituzten era berean, lan duina izateko eskubidearen aldean «merkatuaren malgutasuna» lehenetsi beharra dago.