ONDORENGOEN ETORKIZUNA ERAIKITZEA ERRONKA, AURRERA DOAZ
EZ DA EGIA GAZTEEK PARRANDA BESTERIK EZ DUTELA BURUAN. GIZARTEKO ARAZOEI BURUZ GOGOETA EGINEZ PARRANDA EGITEKO GAI DIRELA ESATEA ZUZENAGOA LITZATEKE. GAZTE DANBADA DA HORREN ADIBIDE APROPOSA, NON AISIALDIAK ETA EUSKAL HERRIKO ERREALITATEAREKIN LOTURIKO KEZKEK BAT EGITEN DUTEN.

«Hurrengo gazte belaunaldiek biziko duten errealitatea eraikitzea» da oraingo gazteek duten erronka, eta pixkanaka ari dira lanean. Egun hauetan Laudion gauzatzen ari diren Gazte Danbadan badago parrandarako eta aisialdirako aukera, baina ekitaldi honek atzean badauka konpromiso sendo bat eta hori argi utzi zuten atzo arratsaldean egin zuten ekitaldi nagusian.
«Hamarkadetan saldu diguten etorkizun burges idilikoaren globoa lehertu da. Eta horregatik, orain da unea, subjektu prekarizatuenak batu eta beste eredu bat posible dela praktikan erakusteko unea. Oraina eraldatu eta etorkizuna birformulatzen ari gara eta bide horretan prozesu independentista zabal bat eraikitzeko apustua egin dugu», aldarrikatu zuten.
Era berean «Euskal Herriak bizi duen gatazka behin betiko konpondu eta milaka kilometrora bahituta dituzten militante politikoak gurean izateko» unea iritsiko dela gogorarazi zuten iluntzeko topaketan.
Baina has gaitezen hasieratik, eguna beste giro batekin esnatu baitzen, ez horren serio. Bertara iritsi eta entzun nuen lehenengo gauza eskuetan garagardoak zituztela eta elkarri lepotik helduta zeuden mutil batzuen kanta izan zen. Beraientzat ostiraleko parranda amaitzen ari zen. Bitartean, kanpalekuan baziren makarrak kentzen ari zirenak, Danbadako bigarren egunari ekiteko prestatzen ari zirenak. Nekea alde batera utzita, eguraldi onak dendatik ateratzen laguntzen zuen.
Zubiko Etxean sorkuntza tailerrak zeuden. Kanpoan, lurrean eserita hamar lagunez osatutako talde bat zegoen eta parean, bi neska bozgorailuetatik rap erritmoak jaurtitzen. «Entzuten baduzu Fermin Muguruza, badakizu bera dela beti flow bera duelako», bota zuen batek. Garagardo trago artean eskola lasaia eskaini zuten. «Erritmoa da oinarria eta zu erritmo horretan nola mugitzen zaren, hori da zure flowa», aipatu zuten.
Rapa eta bertsolaritza alderatu ohi dira maiz baina, neska hauen ustez, rapa askoz askeagoa da «jolasteko aukera handiagoa» ematen duelako, «errimak, silabak…». «Bertso-rap saioak egiten ditugu eta oso kuriosoak dira. Bertsolariek rapak egiten dituzte eta raperoek bertsoak», kontatu zuten barrez.
Raparen eta hip hop-aren arteko desberdintasuna azaltzea ere garrantzitsua zen. «Hip hopa kultura da eta rapa, hip hoparen musika. Hip hoparen barruan badaude grafitia, breakdancea eta rapa».
Handik gertu, zelai batean, kuadrilla bat zegoen atseden hartzen. «Buruko mina daukat, e baina ez da ajea! eguzkiarengatik da», zioen barrez burua zapi batekin estalita zeraman neska batek. «Jaia bai, borroka ere bai. Ia gaupasan gaude, baina eguna produktiboa izatea nahi dugunez, hemen gaude. Bazkalostean egingo dugu siesta gauera arte», aipatu zuen irribarre batekin.
Burujabe izateko gomendioak
Akeita gunean haurren hotsak entzuten ziren. Irrien Lagunak-eko kideak zeuden emanaldia eskaintzen eta lehenengo ilaran zeuden guraso guztiak haurrak dantzatzen eta abesten ikusten. Karparen atzealdean eta kanpoan gazteak zeuden, musikarekin dantzan hauek ere. «Pailazoak gustatzen zaizkigu!», kontatu zuen neska batek saltoka brometan. Gero, leku horretan bertan, eguneko hitzaldien artean arrakastatsuena iragarrita zegoen, “Burujabetza eta independentzia”.
Berandu hasi zen mahai ingurua, arazo teknikoak zirela eta, baina gero dotore aritu ziren hizlariak. CUPeko kide Anna Gabriel, RISE alderdi eskoziarreko Cat Boyd eta KOE greziar erakundeko Vasilis Gerodimos ziren gonbidatuak. Nor bere hizkuntza aritu zenez aldibereko itzulpen sistema zuten hitzaldia euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaini ahal izateko. Nola egin daiteke hori milaka pertsonarentzat prestatuta dagoen jaialdi batean? Ondo prestatuta zeuden gazteak! Irrati bidez hiru frekuentzia prestatu zituzten, bakoitzak nahiago zuen hizkuntzan entzuteko.
Gabriel eta Boyd estaturik gabeko nazioen ikuspuntutik mintzatu ziren. «Katalunian soberanismoa zabaldu da. Gehiengoak lotsarik gabe babesten du erabakitzeko eskubidea eta gehiengoa da independentista. Ez dugu Estatuaren kontrako jarrerarik ulertzen desobedientzia politikorik gabe», bota zuen katalanak. Era berean, esan zuen ezkertiarren lana inork jorratuko ez dituen gaiak jorratzea dela, hauteskundeak irabaztearekin zerikusirik ez duten gaiak. «Ez gaitzala hauteskundeak irabazteko iparrorratzak gidatu, gidatu gaitzala kontzientziak esnatzeko iparrorratzak» bota zuen.
Eskoziarrak lehen hitza euskaraz egin zuen: «Bilbon bizi izan nintzen eta nire bihotzaren parte bat beti izango da Euskal Herrian». Ondoren, 2012ko erreferendumari buruz aritu zen. Haren ustez, SPNk eskatzen zuen independentziaren aldeko baiezkoa ez zen benetako independentziaren aldekoa. «Esaten dute ezkerrekoak direla, baina zer egingo dute Eskozian dugun txirotasunaren aurrean? Ez da nahikoa independentzia lortzea, ez bada herriak errespetatuko dituzten independentzia. Guk ez dugu nahikoa independentziarekin, guk burujabetza nahi dugu», aipatu zuen.
Greziarrak, berriz, Syrizaren «porrotari» buruz hitz egin zuen. Esan zuen Tsiprasen alderdia ez zela Europar Batasunaren presioei aurre egiteko eta herri mugimenduaren eskakizunei erantzuteko gai izan. Bera internazionalismoaren aldeko agertu zen… «Herri bat ezin da burujabe izan, aliatuak ez baditu. Uste dut gure lagunak izan daitezkeela Euskal Herria, Katalunia, Eskozia... baina lan asko dago egiteko, ezkerreko borrokak oso urrun daudelako herriak eskatzen duenetik».
Bazkaltzeko ordua iritsi zen eta gazteak herrian zehar barreiatu ziren. 16.00etan denak ziren bueltan berriro jarduerei heltzeko gogotsu. Bertso-saio feminista, akrobazia tailerra, agro-olinpiadak, askotariko hitzaldi eta mahai-inguruak –drogak, musika, prekaritatea, amnistia– eta 20.00etan, orain bai, ekitaldia.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
