Jon GARMENDIA
Idazlea

Maleski

Ez da erraza lagun baten sorkuntzari buruzko iritzi garden bat izatea, ez eta adieraztea ere, gauza batek edo bestek baldintzatuko baitzaitu nahitaez. Gainera, zailago bihurtzen da berarentzat idatzitako lerroak publiko egiten baldin badituzu. Baina saiatzera noa, lagunari bezala zuei bere kreazioak eragin didana kontatzeko asmoz. Lorez apaindutako iritzi bat da bestalde, eta hitz onek nonbait erru bat dutela argi daukat, erroa ez den beste zeozer bailitzan; horrela, pentsamendura etorri zait, laguna denez, kritika haizu dela, desadostasuna bezala, lagunartekoan ez baitago intereseko konturik, galtzera ematen duenik ez bada behintzat, ez. Unai laguna dut, eta crack bat da, bere «Hau ez da poesia» idatzi aurretik ere crack bat zen, eta hala izango da beti, beste hamaika liburu mundura ekarriko baditu ere. Idatziekin minus puntuak zakuratu, edo haiekin berea den zerbait galduko balu bezala. Eta ez nago berekin ados, batere, berea ez dela poesia baitio, eta justuki, berea, poesia dela esatera ausartzen naiz, sentsazio hori gelditu baitzait argitaratu berri duen liburua irakurri eta gero. Poetak ezin baitio bere buruari poeta deitu, bere hitzak ez baitira gehiago bereak, irakurlearenak baino ez dira, haienganako iritzia bezala, eta haiek idatzi dituenari nola deitu hark baino ez du jakinen. Hargatik pentsatu dut hainbeste maite duen astelehenerako letra larriz idaztea Maleskiri: poesia egin baldin baduzu, errua, ZUREA DA.