Kukua non da?
Ilargiak badaki egutegiari bere ikutua eta eragina eransten. Aurten udaberriko ilargi betea martxoaren 23an egokitu zitzaigun. Horrek bertatik seinalatzen zigun hurrengo igandea Pazko eguna genuela. Aspaldikoa da ohitura: hebrearren garaietakoa. Ilargi bete horrekin jarriko ziren denak martxan: ardi eta axuri, arkume eta ahari, artzain eta morroi, denak Judea aldeko belardi gaxte berde haietara, negua hegoalde beheragokoetan pasatu eta gero. Udaberriko ilargi betea zuten urte osoko festa nagusia.
Eliztarrok ere halaxe eratu dugu gure egutegi liturgikoa: Gabonek data finkoa duten arren, Pazkoa saltarina da beti, 28 egunetako balantza ematen dakiena: aurten egokitu lehenenetakoa: San Jose genuen Erramu bezpera, eta udaberri bezperan. Baina, ilargi betearen presak, mendeetan martxoko festa ospatuena, Andre Maria Martxokoarena ahantzarazi zigun: Ostegun Santuak tapatu eta estali baitzigun martxoaren 25 beti hain distiratsua.
Alde eta herri gehienetan, baserrian, udaberriaren egarriarekiko esaera zahar franko asmatu dituzte. Gaztela aldeko ordoki altu horietan, zeru arina zuteneko, goizeko izotzekin aspertuta, egoki erantsi zioten honakoa: «Por la Encarnación, los últimos hielos son».
Euskaldunok zeru estaliagoa beti, kostako itsasoa presente, izotzaren konturik ez, baina 30 atsotitz eta beste sorta bat ere erantsi izan dizkiogu: udaberriari, uda usainari, ardiei, behi eta azienda guztiei, soro eta baratzeko emariei, xoxokumeei... zeri ez begiratu sasoi dontsu honetan?
Baina gaur kuku jaunari lotu nahi natzaio, dozena erditik gora baititut baserrian bilduak. Denak ezin, baina torizkizu perla pare bat: «Martxoan 25ean, erromako zubian pasatzen da kukua». «Kukuak esan zuen, Santa Maria Martxokoz ez bazetorren, bere ondrak egiteko». «Andra Mari Martikotik zortzire kukue ezpadator, ondrak egin eta kitto!». «Martxoko 25ean kukua ageri ez bada, idi gurdiekin irten haren bila».
Idi gurdiekin ez dakit, baina traktorearekin bederen, mugitu beharko dugu, oraingoz kuku arrastorik ez dago eta...

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
