Nerea GOTI
BILBO

Gastu militarra gogor salatu eta armagintza enpresen birmoldaketa eskatu dute

Gerren ondorioak bistakoak izanik armagintzara «puntako teknologia eta inbertsio publikoak» bideratzea gaitzetsi du Bilboko urteroko martxak.

Armagintza eta gastu militarraren kontrako IX. martxa Bilbotik irten zen atzo goizean, bi helmugarekin: Precicast enpresa, Barakaldon, eta Sener enpresa, Getxon. Hirurogei lagun inguruk hartu zuten parte Askapena, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, Kem-Moc eta Komite Internazionalistak taldeek deitutako protestan.

Gastu militarraren eta gerren kontrako ikurrak aireratuz, bizikleta gainean egin zuten ibilaldia adin ezberdinetako txirrindulariek. Beteranoenek azaldu zutenez, urte asko ditu armagintzaren kontrako borrokak, derrigorrezko soldaduskaren kontrako borrokaren eskutik abiatu baitzuten. Bataila hura gizarteak irabazi zuen, baina armagintzak ez du oraingoz atzera egin.

Egun, puntako teknologia armagintzaren esku jartzen da eta horretan aritzen diren enpresek erakundeen laguntza gero eta handiagoa dute. Gainera, Euskal Herriko zenbait lantegi bete-betean sartuta daude errealitate gordin horretan, atzo salatu bezala. Martxako partaideek zehaztu zutenez, ehun euskal enpresa inguru aritzen dira egun armagintzan. Sektorearen fakturazioari erreparatuta, EAE estatuko hirugarren postuan da, Madril eta Andaluziaren atzetik.

Egoera salatzeko, armagintzari lotutako bi euskal enpresa bisitatu zituen martxak. Azaldu zutenez, Getxoko Sener armagintza sektoreko euskal enpresa handiena da, misil eta sateliteen fabrikazioan aritzen da, «Israelgo Rafael arma enpresarekin hitzarmena du» eta «azken bi urteotan Eusko Jaurlaritzaren aldetik 2 milioi euro jaso ditu». Barakaldon, ITP taldeko Precicast enpresan, guda hegazkinen atalak egiten dituztela salatu zuten martxaren antolatzaileek, eta gaineratu zuten «aurten Indartu programaren barruan 1,5 milioi euro» jaso dituela.

Guden eta sorrarazten dituzten dramen aurka, enpresok «zibil» bihur ditzatela eskatu zuten, duela urte asko Orbeak berak egin zuen moduan.