Hurra urruna baino
Zein gauza inportantea den distantzia! Espazioaz nago. Denbora baino gehiago. Abiadura baino askoz gehiago. Distantzia, zenbat eta motzagoa orduan eta inportanteagoa; ekonomian edo politikan bertan ere, sexutik haratago. Horra, kasurako, abiadura handiko garraio-bilbokeriak; horietan duten helburu «estrategikoa» ez da distantzia bera denbora motzagoan egitea, baizik eta denbora berean distantzia handiagoa egitea. Zenbat eta urrunago hobeto, europarrago edo, modernoago edo, planetako gaurko munduak ikusi eta ulertzeko batzuek duten talaiatik ikusita behinik behin. Bihoaz pikutara, arin batean! Eta, bide batez, eraman dezatela eurekin talaia bera!
Nik “Kilometro 0” nahiago, bertatik bertarakoa lehenetsi. Hurra urruna baino lehen. Hemen han baino. Baina hara kolpea! Batzuek giza eskubideak kilometrotan neurtzean aurkitu dute bilatu nahi izan dutena; iraganekoaren aitzakia. Hara!, 500 kilometro da dispertsioaren balekoa. Harritu egin nau aro digitalean izanda zifra borobila eman izanak, espero bainuen horiengandik eskubideen zifrak dezimalekin ematea. Amen. Nik, berriro diot, “Kilometro 0” nahiago, denetan nahi ere, espetxean hasita. Zero! Eta ez light, hori beste kontu bat da eta. Distentsiorako “Kilometro 0” da neurria, beste horientzat dispertsiorako “Kilometro 500” bada ere. “Kilometro 0” lantegietan ere lehenetsi. Enpresa handi eta urrunekoen eskuan jartzen baduzu zure lurraldeko industriaren geroa, erabaki gunearen urruna progreso adierazle positibo hartuta, orduan, Jainkoarren!, ez etorri gero kexaka! Ikasi ikasgaia, irtenbide egokien abiapuntua arazoak ondo zehaztea delako.
Laster da Euskal Herriko Itzulia izateko, eta segituan Euskal Herriko Bira. Beldur naiz itzulia eta bira izan ostean ez ote garen leku berean izango, 360 graduko buelta eginda.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
