Jon GARMENDIA
Idazlea

Jalgi

Kate bat gara. Kate luze-luzea. Argi dut halako zerbait osatzen dugula antzina euskaraz ari zirenen eta gure artean, eta egun, lur zahar honen luze-zabaleran euskaraz ari garenon ardura dela kate hori hausturarik gabe geroaren magalera ailegatzea. Conan Doylek erran zuen katea luzea izanagatik ere, katebegi bakoitza zela egiazkoa, garrantzitsua, haietako bakoitzak ezinbesteko funtzioa beteko balu bezala. Eta gutako euskaradun bakoitza, katebegi bat garela imaji natzea laket zait. Aski ote den beste da, baina gure hizkuntzak aurka dituen haizeen kontra biziraupena segurtatzeko, hiztunon katea ez etetea oinarrizkoa da.

Gaur aurkeztuko dute aurtengo Herri Urratserako abestia, eta pozez bete nau haren hitzak idazteko paradak, prozesua festa horren piztaile direnekin partekatzeak. Seaskak osatzen duen hezkuntza katea delako Euskal Herriko ipar-ekialdeko lurrotan euskararen arnasa. Hargatik baliatu dut “katea” hitza kantuarentzat.

Bestalde, egunotan bolo-bolo ibili den Baionako Etxepare lizeoarentzat izanen dira Herri Urratseko etekinak, eta Frantziako baloratuena izatea pozgarri da, baina «euskaldun bat Frantziako» esaldian bada zerbait mingarri. Bai, ezta? Imajinatu gazte bat, italiarra, italieraz mintzo eta unibertsitaterako proba errusieraz pasatzen. Ez, ezta? ba hori gertatzen zaie lurrotan “Baxoa euskaraz” aldarrikatzen dutenei, euskaraz bizi nahi eta frantsesez biziarazten dituztela. Eta berdin herritarrei. Horiek dira hautsi beharreko kateak.