Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ZARAUTZ
Surfa

Pro Zarautz 2016 txapelketa:Jonathan eta Pauline txapeldun

Sekulako olatuak, eguraldi bikaina eta ikuskizun itzela izan dira nagusi Pro Zarautz 2016 lehiaketan.Jende anda gerturatu da azken txandak bertatikbertara jarraitzera eta azkenean Jonathan Gonzalez kanariarra eta Pauline Ado lapurtarra gailendu dira.

Pro Zarautz 2016 txapelketak amaiera ezin hobea izan zuen atzokoan. Olatuen kalitatea oso ona izan zen goizean eta eguraldiak ateri eutsi zion. Nesken kategorian Pualine Ado hendaiarrak irabazi zuen txapela eta mutiletan Jonathan Gonzalez kanariarra izan zen lehen postua eskuratu zuen surflaria.

Antolatzaileek iragarri moduan, atzokoan ere sekulako olatuak eta eguraldi bikaina izan ziren eta arratsaldera arte giro bikaina izan zen. Aldaketa sari banaketen ostean etorri zen, euria hasi baitzen; ordurako, ordea, txapelketa amaituta zen.

Pauline Ado vs Justine Dupond

Nesken kategorian finalerdietan ziren lau lehiakideetatik hiru euskal herritarrak ziren. Garazi Sanchez bizkaitarrak Justine Dupont Landetako surflari ezagunaren kontra lehiatu behar izan zuen, eta, Ariane Ochoa bilbotarrak, berriz, Pauline Ado hendaiarra izan zuen arerio.

Olatu oso onak zeuden, baina lekuan egotea oso zaila zen, izan ere, korronteak etengabe mugitzen zituen lehiakideak eta olatu seriea iristen zenean lekuz kanpo antzematen zituen surflariak. Horixe bera gertatu zitzaion esaterako, Garaziri, izan ere, bikain surfeatzen ari zen getxotarrak ez zuen lortu bigarren olatu on bat hartzea.

Ariane Ochoak ere zailtasun handiak izan zituen urautsian egoki kokatu eta olatu on bat hartzeko. Arerio zaila zuen parean, munduko nesken zirkuituan bi urtez lehen mailan (WCT) aritu den Pauline Ado surflaria alegia, baina Arianek bere abilezia erakusteko betarik ere ez zuen izan, horretarako behar zituen olatuak hartzea lortu ez zuelako.

Azkenean, oso ongi ezagutzen diren Justine Dupond eta Pauloine Ado izan ziren finalean. Biak dira maila handiko surflariak, beraz, olatu aukeraketak are eta garrantzi handiagoa zuen finalean. Pauline Adok olatu hobeak hartzea lortu zuen eta horiei etekina ateratzeko gai izan zen. Txapelketa amaieran honela mintzatu zen surflari hendaiarra: «Oso gustura sentitu naiz finalean, baina puntu gehiago lortzea gustatuko litzaidake, hobeto egin nezakeen. Justine edozein unetan puntuazio altua lortzeko gai da, oso arerio arriskutsua da, baina irabaztea lortu dut eta kontent naiz».

Blanco vs Gonzalez

Mutilek ere zailtasun handiak izan zituzten olatu egokiak aukeratzeko. Bat-batean bi edo hiru olatu perfektu lehertzen ziren, baina lehiakideak lekuz kanpo zeuden eta ez zuten lortzen nahi bezalako olatua hartzea, beraz, hartutako olatuei ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatzen ziren.

Finalerdietan Miguel Blanco portugaldarraren kontra aritu zen Aritz Aranburu. Larunbatean bikain aritu zen Aranburu eta atzokoan ere mailari eutsi zion, baina ez zuen nahi bezalako olatua hartzerik lortu. Bere arerioak, ostera, surf film batekoa zirudien eskuin olatu luze eta borobila hartu zuen eta horri esker finalerako pasea eskuratu ahal izan zuen.

Finalerdietako bigarren txandan, berriz, Jonathan Gonzalez kanariarra eta Joan Duru frantsesa izan ziren buruz buru. Duru arerio zaila da, sekulako maila duen surflaria, oso erregularra. Gonzalez, ostera, kontrakoa da, lehiakide irregularra da, baina bat-batean itzelezko olatu bat egin eta guztia hankaz gora jartzeko gai da. Horixe bera egin zuen atzokoan, 9’33 puntuko olatu bat egin baitzuen finalerdietan.

Gauzak horrela, Jonathan Gonzalez eta Miguel Blanco izan ziren finalean. Azken txandan ere behar bezalako olatu bat hartzeko ezinean ibili ziren, beraz, halakoetan sarri gertatu ohi den bezala, urduritasunak mendean hartu zituen bi lehiakideak. Horren adierazle izan zen Blancok bere arerioarekiko egin zuen interferentzia. Ondorioz bere bigarren olatu onena kendu zioten epaileek eta horrela oso zaila zen txapela eskuratzea. Azken emaitzak ikusita, ordea, interferentziarik egin ez balu ere kanariarra izango zen irabazlea.

Jonathan Gonzalezek bere Zarauzko lagunak eskertu nahi izan zituen, batez ere Hodei Collazo, beste hainbatetan bezala haren etxean hartu baitu aterpe txapelketak iraun artean. Oholtzan mikrofonoa eskuan zuela honakoa aitortu zuen: «Txapela irabaztean hunkitu naizen lehen aldia izan da».

Amaitu da, beraz, Pro Zarautz munduko surf txapelketa. Eguraldia, olatuak, antolakuntza, parte hartzea eta lehiakideen surf maila kontuan hartuta, sekulako txapelketa izan da, inor ez aspertzeko modukoa. Lehiaketa munduan dabiltzan surflariek asko ikasteko aukera izan dute; ikusleek, berriz, ikuskizunaz gozatzekoa. Antolatzaileek, azkenik, datorren urterako esperientzia hartu dute. Labur esanda, txapelketa itzela izan da.

Honi buruzko guztia: Surfa