Ruben NIETO
BILBO

Aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa udaberrian loratzen hasiko da

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bi urtean behin antolatutako ekimena igande honetan abiatuko da Berrizen. Aurten, txapelketa formatu berria aurkeztu dute, bertsogintzaren oinarria finkatu eta garatzea helburutzat hartuta: apirilean eta maiatzean udaberriko fasea jokatuko dute, eta urritik abenduko finalera bitartean, udazkeneko fasea. «Ikusten genuen aldaketa bat behar zela. Eskualdeak agortuta genituen, betikoekin kantatuz...», azaldu du Asier Ibaibarriagak.

Sendotuta azaldu zaigun ekimena da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Lehen aldiz 1958an jokatu zuten txapelketa eta 22. edizioa beteko du aurten. Indarberrituta ez ezik, aldaketekin datorkigu, abenduan jokatu beharreko finalerako bidea apirilean hasiko delako, aurreko urteetan ez bezala.

Atzo egindako aurkezpenean, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak erronkari ilusioz eusten diotela nabarmendu zuen. Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuarekin eta Leire Aragon BBK-ko ordezkariarekin batera egindako agerraldian azaldu zuen bezala, «bi urterik behin egiten da txapelketa. Bitartean, herriz herri, ikastetxez ikastetxe, bertsolaritza sustatzen eta lantzen gabiltza. Txapelketa lan horren isla da, hain zuzen».

Formatu berria

Berrikuntza nagusia formatu berria da. Izan ere, iaz hausnarketa urtea izan zen Bizkaiko Bertsozale Elkartean. Ibaibarriagak azaldu zuenaren arabera, «orain arte eskualdeetako txapelketak jokatzen ziren. Baina ikusten genuen aldaketa bat behar zela. Eskualdeak agortuta genituela, betikoekin kantatuz… Buelta bat eman behar zitzaion. Eta bertsolariei galdetu genien. Honen ondorioa izan da udaberriko fasea».

Ibaibarriagak azaldu bezala, «eskualdeetan girotze saioak egin dira eta eskualdeetako txapelketak ere bai». Baina aipatutako nobedadearen ondorioz, izena ematen duten parte-hartzaile guztiek kantatuko dute hasieratik batera eta egokitzen zaien plazan. Formatu berri honek hasieratik beste bertsokide batzuekin kantatzeko aukera zabaltzen du.

Udaberriko fase honetarako 56 bertsolarik eman dute izena. Nabarmendu beharrekoa da eskualde guztiak ordezkatuta daudela, eta beteranoekin batera hemeretzi bertsolari berri arituko direla.

Txapelketa aurrera eramateko beharrezkoa izaten da lagun ugariren parte-hartzea eta lana, eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak esan zuenez, «lan taldeetara ere jende berria hurbildu da». Beraz, partaide berriak aurkituko ditugu txapelketa aurrera eramateko osatu diren talde teknikoetan.

Bederatzi saio egingo dira aurtengo udaberriko fasean: zortzi saio sei bertsolarikoak, eta bakarra zortzikoa. Puntuazioaren arabera sailkatuko dira udazkeneko fasera.

Hain zuzen, urrian hasiko da azkeneko fase hori, eta bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu.

Noizbait finalista izandakoak kanporaketetan batuko zaizkie udaberriko fasetik sailkatuei. 30 lagunek parte hartuko dute fase horretan (segun eta zenbat finalistek ematen duten izena, horrenbeste bertsolari pasatuko dira udaberriko fasetik udazkenekora). Finalaurrekotan, berriz, 2014an finalista izandakoak sartuko dira.

Udaberriko saioak

Esan bezala, igandean hasiko da txapelketa, Berrizen izango den saioarekin. Udaberri faseko gainerako saioak honakoak izango dira: apirilaren 17an, Bermeon; apirilaren 23an, Erandion; apirilaren 24an, Ondarroan; apirilaren 30ean, Derion; maiatzaren 7an, Gueñesen; maiatzaren 8an, Orozkon; maiatzaren 14an, Arrigorriagan; eta maiatzaren 22an, Getxon. Saioak arratsaldez izango dira, sarrerak txarteldegian erosi ahal izango dira, ez baitira aurretiaz salduko.