Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Mauleko hiltegiaren itxierak eragin nabarmena du euskal abeltzainengan

Joan den martxoaren 30ean L214 elkarteak argitara emandako bideoaren eskandaluaren ostean hiru salaketa gutxienez jarri dira epaitegietan. Bi langile berehala kaleratu zituzten eta abereak hiltzeko jarduna erabat geratu zen. Horrez gain, Stephan Le Folle Nekazaritza ministroak Estatuko 263 hiltegiak banan bana kontrolatu ditzatela eskatu die prefetei.

Abeltzain askok harridura eta haserrea azaldu dute beren kabalei hiltegian ematen zitzaien tratu krudela ikusi dutenean. Alta, beharrezko neurriak ahalik eta azkarren har ditzatela eskatu dute, berebiziko garrantzia baitu eskualde mailan hiltegia izateak.

Sinadura bilketa

300 hazle dituen Axuria kooperatibak, esaterako, departamenduko beste hiltegietara eramaten ditu orain ardi eta bildotsak, baina arau guztiak betearazi eta lehenbailehen Maulekoa zabaltzea eskatu du.

Bestalde, Prendre Conscience (Jabetu, euskaraz) elkarteak sinadura bilketa hasi du Interneten, Euskal Herriko Laborantza Ganberari eta Biharko Lurraren Elkarteari eskaera zehatza eginez, beren izaera kontuan hartuta.

“Mundua aldatzeko gu geu aldatzen has gaitezen” leloari jarraiki, bi euskal egiturei «kalitatearen inguruko exijentzia» baita animalien errespetuaren arloan ere, emendatu dezatela eskatu diete, «euskal labela» lortze bidean.