26 urte preso «nahikoa» direla salatu du Bagoaz-ek
Xistor Haramburu, Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Unai Paroten askatasuna aldarrikatu, eta gogor salatu dute lehen hirurei baldintzapean aske geratzeko eskaerak errefusatu izana.

Honezkero 26 urte daramatzate preso Xistor Haramburuk, Jakes Esnalek eta Ion Kepa Parotek Estatu frantsesean, baita azken horren anaia Unai Parotek ere, Estatu espainolean. 700 herritar inguruk manifestazioa egin zuten atzo, laurak eta antzeko egoeran diren beste presoak askatzeko eskatuz. Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik parte hartu zuten, nabarmen EH Baikoek, baina beste batzuek ere bai, hala nola Sylviane Alaux diputatu sozialistak.
Yvette Debarbieux Donibane Lohizuneko hautetsi komunistak eta Garbiñe Eraso Bagoazeko kideak irakurri zuten amaieran oharra, eta baldintzapean aske geratu ahal diren preso guztien askatasuna aldarrikatu zuten.
Estatu frantsesean espetxeratutako hiru preso horiek baldintzapeko askatasuna eskatu izan dutela gogorarazi zuten agerraldian, eta epaitegiek beti ezetz erantzun dutela. Azaldu zutenez, eskaerak ukatzeko erabilitako argudioak ez dira judizialak izan, politikoak baizik, eta gogor kritikatu zuten botere politikoak prozesua blokeatzen jarraitzea. Larriki gaixo diren preso guztien askatasuna ere eskatu zuten, eta bereziki Ibon Fernandez Iradiren kasua nabarmendu zuten.
Angel Aldana gogoan
Hitz-hartzea Angel Aldana deportatu hil berria gogoratuz hasi zuten. 70eko hamarkadan ihes egin behar izan zuenetik gaurdaino bizitako egoera salatu zuten: atxiloketak, konfinamendua, deportazioa, tortura... Hein horretan, Parisi eskatu zioten dagokion erantzukizuna aitortzeko eta iheslarien aurkako salbuespenezko neurriak bertan behera uzteko. 2013an etxerako bidea iragarri zuen iheslarien kolektiboak, hainbatek bizi zuen egoera larriaren berri emanez, tartean Aldanarena. Bide horretan Estatu frantsesak urratsik egin ez izana gaitzetsi zuten.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
