GARA
BILBO

IAk mobilizazioak deitu ditu Leioan, ikasleen aurkako «erasoak» eteteko eskatzeko

«Ikasleon aurkako erasorik ez!» lelopean, mobilizazioak deitu ditu IAk Leioako campusean gaurtik aurrera, martxoko protestengatik EHUk bultzatutako neurriak bertan behera utz ditzala exijitzeko.

Leioako campuseko Ikasle Abertzaleek EHUk azken mobilizazioei emandako erantzuna gaitzetsi zuten atzo, eta beste unibertsitate eredu baten alde borrokatzen diren ikasleen kontrako «erasoak» amaitzeko eskatu zion, mobilizazio gehiago iragartzearekin batera.

«Posible eta beharrezkoa» den beste eredu baten aldeko borroka defendatu zuen ikasle erakundeak, eta martxoan izandako gertakariek ereduen arteko talkaren «gordintasuna azaleratu» dutela nabarmendu zuen.

«Ertzaintzak San Mameseko ikasleak burutzen ari ziren Herri Unibertsitatea bortizki hustu izanak» unibertsitate publikoaren jarrera zein den adierazten du, beren iritziz. Gogora ekarri zuen, era berean, handik egun batzuetara zenbait hiriburutan ikasleek euren «aldarrikapenak kalera atera eta borrokatzeagatik bizitako errepresio bortitza».

Zehaztutakoaren arabera, San Mameseko kaleratzean 41 lagun identifikatu zituzten, eta «horietako askok inputazioak ere jaso dituzte», eta martxoaren 17ko mobilizazio egunean, 5 lagun identifikatu zituzten Bilbon eta 14 atxilotu eta beste identifikazio ugari izan ziren gainerako hiriburuetan.

Horiek hala, EHUri espedienterik ez irekitzeko eskatu diote, baita Gasteizko ikasleen kontrako salaketak eta gainerako neurriak atzera botatzeko ere. Leioako ikasle inputatuen aferan esku hartu eta egoera konpontzeko, Ertzaintza unibertsitatean sar ez dadin neurriak hartzeko eta «campusetan dauden indar polizialak» kanporatzeko ere eskatzen dute.

Horren ildotik, elkarretaratzea deitu dute gaur eguerdirako Mikel Laboa plazan (12.50), eta manifestazio bat apirilaren 26rako “Erasorik ez! Guk eraikuntza eta ofentsiba” lelopean, 11.50ean. «Apirilaren 19rako Errektoretzak eskaerak onartzeko bermeak jarri ezean, Leioako jarduna beranduago hasiko da hainbat egunetan», iragarri dutenez.