A.K.
DONOSTIA

Artxiboa, bere ikuspuntu desberdinetan, gogoeta bide

Bi erakusketa batera inauguratu ditu estreinakoz Tabakalerak eta hiesaren bueltan sortutako politika eta kolonialismo garaiak erabili ditu gogoetarako gai. «Anarchivo Sida» eta «The Day After» izenburupean, nazioarteko sortzaileen elkarlana bultzatu du beste behin.

Parisko Betonsalon arte eta ikerketa zentroaren eta Tabakaleraren arteko koprodukzioa da “The Day After”, Maryam Jafriren lanez osatutakoa. Erakusketak artxiboaren aukera ezberdinen gainean eta horrek behar desberdinei erantzuteko har ditzakeen forma eta formatuen gainean hausnartzea proposatzen du.

Artxiboa artista pieza gisa, artxiboa azterketa kasu gisa eta artxiboa jabego gisa. Horiek dira Maryam Jafrik erakusketan planteatzen dituen hiru dimentsioak. Proiektuaren abiapuntua “Independence Day 1934-1975” lana da, 2009an hasi eta oraindik abian dagoena. Afrika eta Asiako zenbait europar kolonia ohiek independentzia lortu zuten egun bereko argazkiak biltzen dira pieza horretan, lurralde bat herrialde eta estatu bihurtzen den unea irudikatzen dutenak.

Betonsalonen aurkeztutako azterketa kasuez gain, Tabakaleran Ekuatore Ginearen eta Marokoko eta Filipinetako subiranotasun plazen inguruko kasuak ere erantsi dira, Euskal Herriarekin eta Estatu espainolarekin izan duten loturagatik. “Versus Series” argazki sorta ere ikusgai izango da.

Erakusketaz gain, ekainaren 24ra bitarte interesa duten guztiei zuzendutako jarduerak antolatu dira. Lehenengoa gaur bertan izango da, 11.00etan, Tabakaleran artistarekin egingo den topaketarekin.

Hiesa, aztergai

Bigarren erakusketak, “Anarchivo Sida”, Equipo re plataformak (Aimar Arriola, Nancy Garin eta Linda Valdes) komisariatutako proiektua da. Ekainaren 26ra bitarte ikusgai egongo den erakusketak 80ko hamarkadaren amaieratik gaur egunera arte lehenago inoiz bilduak izan ez diren edukiak aurkezten ditu.

Hainbat testuingurutatik eratorriak, (Euskal Herria, Andaluzia, Madril, Bartzelona, Valentzia, Txile, Kolonbia, Brasil eta Guatemala), materialen artean aurki daitezke ekoizpen artistikoak, argazki dokumentazio eta performance eta akzio aktibisten bideoak, prebentzio kartelak eta abar.

Erakusketa hiru ardatz kontzeptualen inguruan egituratzen da: animalia, hiesaren inguruko politiketan funtsezko irudia; heriotza, hau nola bizitzen dugun aztertuz (legeak, erritu sinbolikoak, praktika materialak, sinesmen sistemak); eta osasuna, gorputz batzuk normaltzat eta beste batzuk gaixotzat jotzeko ohitura bezala ulertuta.

Lotutako ekintzen programa Ekipo re plataformak berak diseinatu du eta bere ekoizpena Tabakalerako hezkuntza lantaldearekin elkarlanean garatu da. Programa horrek “Anarchivo Sida” proiektuaren abiapuntu den fokua zabaltzea proposatzen du, eta gorputzaren errepresentazio eta kudeaketa politikoaren inguruan gaur egun dauden arazoetan jarri nahi du arreta, hala nola, elikadura, ingurumena eta immigrazioa.

Programa, interesa duen orori zuzendua, gaur hasiko da eta ekainaren 24ra arte izango da zabalik. Lau bloketan antolatuko da: Izenen tailerra; osasuna/jakintza/boterea; True in my body; eta gorputzak arrakalan.