Paper arteko egunak
Imajinatzen nago gure behean den Estatuaren hiriburuko Kongresu haren etxaurrea; neurri batean fatxada den hura. Bai, behealdean lehoiak dituen hura bera. Gizajoak, lehoiez nago orain, ondoko legeen amaraunean amarratuak, beren azken orro jatorra noiz, eta non, bota zuten gogora ezinean…
Tira, Murgoitio, harira! Bada bai, goizero, orain aste batzuk hasita, ondoko katedralaren kanpandorreko hotsek zortziak direla iragartzen dutenean… Portzierto, hura kaka piloa kanpaien gainean! Bai zikinak gero hiriburuko usoak! Jaungoikoak jakingo balu zer jaten duten haiek! Edo Jaunbehekoak behintzat! Gaitz erdi!
Tira, Murgoitio demontre, harira! Bada bai, zortziak jota kamioia Kongresuko harresira hurreratu, lehoien arteko kanpadendatik paperik gabeko morroi bat atera, eskailera mekanikoan teilatu-hegaleraino igoa eta hantxe den markagailutik 13 zenbakia duen papera kendu eta 12 zenbakikoa ipini du, beherantz egin baino lehen. Goizero egin bezala, zenbakia gaztetu bera zahartuz doan neurri berean. Hauxe marka gailu harena! Kongresu hark nor agindu izan jakiteko falta den denbora markatzen duena… inguruan usoek beren behar fisiologikoetan segitzen dutela… bueltaka.
Saskian sasoian sasoikoa eta fiskalitatean sasoi honetan iazko sasoikoa. Halaxe jarri zuten legea. Eta hortxe ari gara, poetak koplatan bota legez, aurrean paperak atzean paperak… aitorpena aitortuz ilustratzen gara.
Ez denok, ostera. Batzuek hemen aitorpena bete baino nahiago dute hango komenientziazko katedraleko abokatuei aitortza egin; eta horrela eginda, hango paradisuko onurak lortu hemengo mundu errealeko zigorren beharrez. Omen. Amen. X, Y eta Z. Jakina, beti izango da hemen hori justifikatzen duenik, are gehiago hemengo arazo nagusia atez atekoa izanda. Nork-nori-zor, zaborra zabor.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
