Berritsu
Etengabeko hizketaldian dagoen haurrari deitu ohi zaio berritsua, modu samurrean, sinpatikoan. Grazia egiten digu haur txiki bat etengabeko jarioan entzutea. Baina hizkuntzaren munduan murgildu eta esan behar horrek irribarretik gogaitzera ere eraman gaitzake, noiz isilduko ote den ezin jakin. Helduetan, ordea, etengabeko kontatze horrek ez du hain irudi sinpatikoa. Berritsua kuxkuxeroa ere izan baitaiteke, bost axola zaizkigun gauzetan belarria berotzen diguna, kiskaltzeraino batzuetan. Berritsua berriak etengabe ematen dizkiguna genuke, hamaika pasadizoren kazetari hizlaria. Hitza hitzetik hortzera darabilen goi mailako kirolaria. Berritsua punk kontzertu burrunbatsuaren erdian hartaz eta honetaz ariko da burrunbadari muzin eginez. Irakaslea gelan isilarazten saiatu arren, hortz artean jarraituko du haur berritsuak bere marmarra. Berritsua hizkuntzaren gimnasta da, berri emaileen elitea, filologoen heldu ezineko gailurra, uraren murmurioaren konpetentzia, aspirinen salmentaren igoarazlea.
Kontalariok ez ote gara berritsuen intelektualak? Behin baino gehiagotan kontaketa saio batera joandako norbaitek galdetu ohi du, harrituta, nola egon gaitezke ordu eta erdiz isildu gabe hizketan. Lagun artean entrenatuta, erantzun ohi dut batzuetan, txantxetan.
Kontalariok ahozkotasunaren artearen berritsuak izango gara, beharbada. Dena dela, lanketa handia eskatzen du modu artistikoan kontaketaren atzaparretan publikoa harrapatzeak, berritsukerietan ibili gabe berritsutasunean aritzeko.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
